Blanca Urgell
LARREPETIT

Etxean itxian

2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Negu gorriak joan ziren, eta arreak datozkigu aurten, uherrak agian. Atzo igarri zuen lehendakariak, eta adiskide biren guraso bana zendu izanak ere bai. Beleak kras egin zuen bat-batean. Alabak ezingo du gaueko hiruretan txirrindulaz bidea egin loaren bila. Maskarapean itolarrian bizi den ama ez ote zaigu gehiago itoko giltzapean berriro?

Etxea eta itxia bat dira euskaraz, ordea; estua ere bai. Ekialde zabalean ateak hersten dira, eta gerria ere hersten. Mendebalde zabalean ateak ixten, zarratzen ez badira, eta gerria estutzen. Hertsi, itxi eta estutu erro berekoak dira. Lazarragak oraindik errelleagaz goldea estu egiten zuen. Esten eta estu elkarrekin lotzeko zailtasun bera adierazten dute hazten-en ordez aspalditik haziten edo hazitzen dioten euskaldunek.

*Herts-i eta *hers-tu, hala nola iratzarri eta iratzartu, berezi eta bereztu. Itxi-ra heltzeko ezer gutxi dago: (h)ersten aise esten bihurtu bide zen lehenik (hala nola belztu > beztu), eta honen analogiaz (h)ertsi zena etsi ere bihurrarazi. Bokalak berdintzea (etsi > itsi) eta txistukaria palataltzea (itsi > itxi) baino ez dira behar guztira. Bide erdian gelditu zen etsi, metaforan fosildua (etsia hartu).

Wilhelm von Humboldt euskalari prusiarrak (1821) lotu zituen itxia, hesia eta etxea elkarrekin. Etxe, azken batean, etse-ren aldaera adierazgarria baino ez bide da jatorriz (hala nola txakurzakur-ena), eta etse ere *herts(e)-tik datorke, *hertsean lehenaz beste era batera zatikatzetik zehatzago: *herts-ean > hertse-an, alegia.

Hertsi etimologikoki 'erztua' bide da (*herzten > hersten, mihiak t ahoskatu beharrez s errazago egiten baitu z baino: egin aproba), ertzak (mugak) dituena edo ertzak ipini zaizkiona. (H)ertzainak. Lakarrak aspaldi esana du hertsi eta herri errokideak direla. Herriak hertsi, hots, hesitu ziren garaiko ondarea?

Etxean itxian. Hertsian. Ertzean. Estuan agian. Baina sekula ere ez etsian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.