Badator Eguna. Gainean dugu dagoeneko. Ustez urtebeteko lanaren erakusleiho izango den eguna izango da domekakoa. Urtebeteko lanaren neurgailu ere bai neurri batean. Urtebete egun bakarrean sartzea ezinezkoa denean urduritasuna gailentzen da, ezinegona. Boluntarioen lana dirutan ordaintzea ezinezkoa denean eta bilera eta bestelako lanorduen kontua aspaldi galdu genuenean. Ilusioa gainezka eta mimoz zaindutako detaileak. Egun ahaztezina izan dadin denontzako. Datorrena ere bertoko sentitzeko. Helburu bakarra Euskararen Biosfera edo Bihozfera zaintzea. Balioa ematea. Geurea ez dela bakarrik jakinik, denona baino. Biosferako bizidun guztiena. Euskararen dibertsitateak aberasten gaituela harro aldarrikatu nahi izan dugu. Baten barruan mila euskara daudela eta denak beharrezko ditugula, aberasgarri. Natura bera ere zaindu behar dugun arren, ez delako dugun ondare bakarra. Eskualdetik eta eskualdera begira gaude, eta zeharka, eskualdetik eta Euskal Herrira ere bai. Geure hezkuntza propioa, curriculum propioa gura dugu.
Zoritxarrez, Ibilaldiaren egunaren aldaketaren gorabeherak (duda barik inoren gustukoa izan ez denak) lainotu dute gure Bihozfera berezi hau. Eta ez luke inondik inora ere hala behar. Bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere, bakoitzak bere lekutik, euskaraz bizi eta hezi nahiak batzen gaituelako hezkuntza jaiok. Eta askoz gauza gehiagok ere bai, seguru nago.
Badator eguna, bai, eta zeruari begira gaude denok. Falta diren deitale txikiak ondo lotu eta eguraldi onaren zain. Edo, behintzat, euriaren su-etenaren zain. Mendebaldeko mutur banatan itxura batean. Badator eguna eta Biosferaren txoko honetatik askok ondora begira jarraitzen dugu. Auzolanaren, elkarlanaren zain. Eguraldi ona denontzat izan dadin. Mendebaldetik eta Euskal Herrira.

Larrepetit
Euskararen bihozferatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu