Zertan dute antza emakumeek eta frontoiko pilotek? Zenbat eta gogorrago eman, arinago datozela bueltan», eta bertora ekarri eta itzultzea ere merezi ez duten beste horrenbeste perla batu dituzte ustezko txiste liburu batean, umeentzako, gaztetxoentzako liburu batean. Nesken kontura umore sanoa eragiten omen du liburu honek, hori diote.Bien bitartean, Espainiako Berdintasun Ministeriotik epaitegira jotzea aztertzen omen dabiltza, eta on line duten katalogotik kendu du aipatu liburua argitaletxeak. Baina liburu hau ez da berria. 2010etik omen datoz liburu honen aurkako kexak, eta batek jakin zenbat umeren eskuetatik pasatu den. Umetatik biolentzia matxistari hauspoa emanez. Nire seme-alabei begiratzen diet, eta euren eskuetara ez nuke horrelakorik heltzerik nahi, horretatik guztietatik salbu gura ditut. Pentsatze hutsak…
Baina urte osoan zenbat ustezko txiste entzuten ditugu gure inguruan? Tontakeriak. Emakumea askatzea sukaldea handitzea dela eta abar eta abar. Eta kar, kar, kar ezkerrekoenak ere. Eta txarrena emakume asko ere ohitu egin direla, garela. Eta kar, kar, kar. Umorearen izenean zenbat astakeria esaten diren… Ez emakumeen kontra bakarrik. Berdin gizonezko homosexual edo etorkin. Eta zein arriskutsuak diren… Baina beharbada arazoa emakume eta gizon batzuena da. Ez dugula umorerik eta 20 zentimetroko pupuari 20 metroko trapua jartzen diogula. Histerikak omen gara, frustratuak. Eta argi uzten digute era honetako tontakeriek ez dutela horrenbesteko garrantzirik, txiste txar batzuk baino ez direla. Eta, gainera, liburu honen kasuan, adierazpen askatasunaren kontra egiten gabiltza. Beharbada ez dut umorerik. Ez dut umorerik txiste horietako emakume askok izena dutelako, sufritu dutelako, jo dituztelako, hil dituztelako. Eta horrek non du bada grazia?

Larrepetit
Ez dut umorerik, antza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu