Julio Soto.
Larrepetit

Ezker eskubi

2013ko azaroaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zatiketak beti egin izan dio mesede aurkariari, zirrikituetatik hartzen baitu arnas. Teoria praktikan jartzen, abilago ibili izan da orokorrean eskubia. Atxiki dakiokeen arren kolore aniztasuna ezkerrari bezala eskubiari ere, batak asmatu izan du besteak baino hobeto, bestea hankaperatzeko kolore desberdin horiek koadro bakarrean sartzen. Ez dakit zein adjektibo erabili konparaketa egiteko, utz dezadan, eskubia izan dela ezkerra baino-agoa. Izan daiteke beren burua ezkertiartzat jotzen duten talde politiko askok, izatea izena izanaren gainetik. Izan daiteke besterik gabe, kaskagortasun gene kopuru handiagoa dakarrela jaiotzaz ezkertiarrak.

Ez da izan oraintsu arte gure herria baieztapen hauen salbuespen. Egon izan direlako ezkerrak eta eskubia. Eta diot oraintsu arte, badirudielako ezkerrak izan daitezkeela ezker, eskerrak. Ez naiz mintzo ezker espainolaz, Robertoz, Patxiz. Oroit izena eta izana. Eskubiak urteetan praktikatu duen, eta orain horrenbeste gorroto duen aditzari lerrokatu gintzaizkion ezkerretik eta ez hain ezkerretik, biltzeari. Ongi egin diren, gaizki egin direnetan sartu gabean, aurrerantzean aditz berari lotu beharko gatzaizkiolakoan nago. Eta egun ezinezkoa badirudi ere, ezkerrak ezkerrekin biltzeaz gain, bildu beharko du zenbait gauzetan ezkerrak eskubiarekin. Edo nahi bada, eskubiak ezkerrarekin. Eta ez naiz mintzo eskuin espainolaz. Herri honek herri izaten jarraitzekotan, biltzeko aski arrazoi izan behar luke euskaltasunak. Egiozue zehar begiratu bat gainontzean Kataluniari.

Aspaldi da ez genuela nafarrok eskubian zatiketarik sumatzen. Ez behintzat UPNn. Urduritu da Sanz Barcinak PSNrekin lanerako duen ezintasunak, urteetako hegemoniari sor diezaiokeen kalteaz jabetuta. Segi dezatela oilarrek borrokan. Gu gurera. Indarrak biltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.