Larrepetit

Familiaz

Castillo Suarez.
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Beti aipatzen da familia gure gizartearen oinarri sendoen gisa. Hondamendi sentimental bat bizi dugunean, gurasoen etxera bueltatzen gara etxeko paretak gainera etorriko zaizkigula sentitzen dugunean. Hanka hausten dugunean, aita arduratzen da gure txakurrarekin ateratzeaz, eta amak salda eta zopez betetzen dizkigu tupperwareak sukaldatu ez dezagun. Hein handi batean familia da gure ongizate ekonomiko eta emozionala sostengatzen duena.

Krisi egoeran gaudenez, askok etxera bueltatu behar izan dute ezin dutelako alokairua edo hipoteka ordaindu langabezian geratu ondoren. Beste batzuk —gizonezkoak, gehienak— banandu ondoren bueltatu dira haur denboran beren logela izan zenera —egun trastez beteta dagoena— bikotekideari pasatzen dioten mantenu-pentsioarekin eta lehengo etxebizitza haurrei utzita nekez iristen zaielako beste etxe bat hartzeko.

Familia hor dago beti. Edozer eusteko prest. Edozeri aurre egiteko gai. Haatik, gurean familia-sistema horren indartsua izaten jarraitzeak badu bere alde txarra. Izan ere, gizarte babeserako dauden gabeziak estaltzen ditu familiaren itzalak: gazteen enplegua sutatzeko politika falta, alokairu politika eskasa, haur jaioberriengatiko laguntzen murrizketa… Horretaz gain, familiak gure frustrazioak eta egonezinak baretzen dituen aldetik, ez digu bide ematen aldarrikatzeko, mobilizatzeko, sindikatzeko, eskatzeko, exijitzeko…

Ez dakit noiz arte izanen diren familiak egoerari eusteko prest, gure gurasoen pentsioak gero eta txikiagoak direlako eta gero eta hutsune gehiago bete behar dituztelako. Gu bezain egoera txarrean dagoelako gure neba edo ahizpa, eta hark ere laguntza behar duelako. Gure gurasoak bakarrik bizitzera ohituak zeudelako eta gu ere bai, eta edozein aitzakia delako nahikoa eztabaidan hasteko. Horrela jarraituz gero, ez gara hainbat eskubide aldarrikatzeko gai izango, eskubide horiek bermatzeko aukera badenik ere ezin izanen dugulako irudikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.