Iñigo Aranbarri.

Fedea

2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Errusia eta Alemania itsasoz lotzen zituen Nord Stream 1 eta 2 gasbideak lehertu zituztelarik, 2022ko otsailaren 26an, fedea eskatu zitzaigun hurrengo egunetan. Fedea sinets genezan agentziek ziotena, alegia, Putin izan zela sabotajea agindu zuena. Europa izoztuta hiltzera kondenatzen zuen probokazio berariazkoa. Denborak aurrera egin arau, bestelako hipotesiak nagusitu ziren. Seymour Hersh Pulitzer saridunak AEBei egotzi zien sabotajea. 2023an zehar, New York Times aurrena, Zeelanda Berriko zerbitzu sekretuak ondoren eta Der Spiegel  eta Washignton Post azkenik, bakoitzak bere aldetik ikertuta, ondorio berera iritsi ziren: Ukrainako indar bereziak izan ziren bi hodiak zartatu zituztenak.

2023ko urriaren 17an, Israelek gerra egoera aldarrikatu eta hamar egunera, misil bat jausi zen Gazako Al Alhi ospitalean. Ia bostehun hildako, eta moralki, jauzi itzela, erietxeak ukiezinak baitira edozein gatazkatan. Fede kontua hemen ere. Hamasek Israeli leporatu zion sarraskia, Israelek Jihad Islamikoari. Herzog presidenteak lotsa zela adierazi zuen, «nahita isurarazi zelako errugabeen odola». Halatsu mintzatu zen Joe Biden ere. Harrezkero, Gazako ospitale guzti-guztiei eraso die Israelek. Atzo amaitu zuen Al Xifakoari ezarritako setioa. Soldaduek adin guztietako jendea hil dutela salatu dute nazioarteko erakundeek, bortxatu egin dituztela emakumeak.

Pazko igandea gaur. Eta hara non, informazioaren gizartean, fedea eskatzen zaigun berriro ere, Jerusalameko Piztueran bezala orduan, Mendebaldeko zibilizazioan orain. Laster dugu gerrarako eskatuko zaigun eguna. Fedea, gurea baita egiaren aterpe eta giza balioen abaro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.