Goizalde Landabaso

Fobiak

2024ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Liztorrak gorroto ditut. Atzo txundituta geratu zen auzokidearengana joan nintzaion laguntza eske. Liztorra zazpi kilometrokoa zen eta helikoptero zarata ateratzen zuen. Fobia ote?, «soilik gorrotoa», erantzun nion. Eta gorrotoa ari du egunotan (ere). Itziar Ituño, Maria Goirizelaia... Amorrua energetikoa da. Azkenean, adierazpen askatasuna, eta oro har, askatasun oro, deserosoa da; pribilegio kontua, Orkoiengo alkateak esanen lukeen bezala. Aho bizarrik gabe esan dezagun.

Kike Amonarrizi irakurri diot txio batean (ez dakit orain zelan esan behar diegun lehen txio zirenei) Espainiako Estatuan MIR azterketan espainiera ofiziala ez den estatu/errepublika/herrietakoei C1 eskatu zaiela. Inork ez du zalantzan jarri medikuntza ezagutzak eta hizkuntzaren ezagutzak bat egin dezaketela. Ez naiz ni izango hori adierazten lehena, ondo ederto baitakit izan zaitezkeela mediku ona eta hizkuntza ere menpera dezakezula. Ez dakit, baina, nora goazen, ez norbanako gisa (gutxienekoa da bidea urratuko baitugu ibili ahala, Machadok zioen bezala) ezta gizarte, zibilizazio eta espezie gisa ere (hau larriagoa da). Yale unibersitate ospetsuko irakasle den Timothy Snyderri irakurri berri diot: «Esatea tabua da, baina inteligentzia galtzen ari gara». Eta aipatzen du haragi errealetatik urruntzen garen heinean handitzen dela gure arteko troka, eta puzten, gure elkarrekiko herra. Gero eta gutxiago ulertzen dugu gurearekin talka egiten duen bestearen iritzia, berrespena baino ez dugu onartzen, eta kuestionatzen duen edonor areriotzat jotzen dugu. Ez dakigu ezberdinarekin bizitzen, eta hor galtzen ari gara inteligentzia. Ez naiz, bada, liztorrekin adiskidetu beharko!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.