Hedoi Etxarte

Fred Perry

2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Uda partean, Avileseko gizon helduen arropa saltzen zuen denda batean Fred Perry markako bi polo erosi nituen: bata zuria eta bestea beltza. Egia da, alkandoren zale bazara eta etxeko lanetarako asti handiegirik ez baduzu, poloa beti dela aukera on bat elegante jantzi eta garbitu-eta-lehortutakoan tolestu eta tiraderan zuzenean sartzeko. Ez dut ukatuko, masiboki iristen zaizkidan beste iragarki batzuk ez bezala —esaterako hilerokoa neukakeenerako kuleroena— Fred Perryrenek eragina izan dutela niregan. Baina askoz definitiboagoa izan da, nire oin eta zangoen akatsengatik —oin zapalak eta belaun balgoak dauzkat— oinetakoen zolak izugarri azkar higatzen baditut ere, marka horretako oihalezko zapata batzuk zortzi urtez iraun didatela, asko nire kasuan. Gainera, ereinotza da sukaldean erabiltzen dudan espezia gutxietako bat, eta marka horretako poloak, oso aspalditik eta gurean ere bai, elegantziari garrantzia ematen dion jende dexente duen LGTBI kolektiboko jendeari ikusi izan diot.

Kontua da, joan den astean EHn egon ziren hamaika etxegabetzeen artean, bat gelditzen saiatu zirela Bilboaldean eta etxegabetzearen aurka protesta egitera joan zen kideetako batek Fred Perry bat zeramala. Sareetako troll bati salagarria iruditu zitzaion elegante joatea eta etxegabetze baten aurka borrokatzea. Oso ideia zabaldua da gaurko mentalitate burges txikian: ezin zara erradikala izan eta elegante —are garesti— jantzi. Ideia okerra da, ordea, eraldaketa anbizio gutxieneko bat izan duen jende zapalduak beti zaindu du janzkera. Lenin eta boltxebikeak bankariak bezala janzten ziren. Francismo Ascaso, Durruti, Jover eta Espainiako 1930eko anarkistak burgesak bezala janzten ziren. Rosa Luxemburg eta Clara Zetkinek kapela zabalarekin eta gonarekin prestatzen zuten iraultza. Martin Luther King, Rosa Parks edota Malcolm Xak berdin. Baina begiratu senideen argazki zaharrak, nola janzten ziren igande eta jaiegunetan, manifetan. 

Kontrako ariketa ere egin behar da: zer esaten digu zabar janzten denak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.