Iñigo Aranbarri.

Galdera

2024ko otsailaren 11
05:00
Entzun

Argentinako Prozesuko kasu lazgarrietako bat da Silvia Labayrurena. 20 urterekin bahitua haurdun zela, torturatua, militarren sexu-esklabo izan zen urte eta erdiz, dei bat tarteko libre utzi eta Madrilerako bidea hartzen utzi zioten arte. Haren istorioaren ertzak utzi ditu agerian orain Leila Guerriero idazleak. Tartean, Labayruren beraren iritzia Montoneroetan izan zuen militantziaz: «Gure autoinmolazioak ez zuen ezertarako balio izan. Edo bai, militarrek botereari estuago eusteko». 30.000 pertsona desagerrarazi zituen Junta Militarrak.

Usatuak gara gertaera bati beste bat lotzen, eta galdera beti egin liteke: «Zer gertatuko zen hura egin izan ez bagenu?». Urteek ematen duten perspektiba behar, ordea, gauzak bestela izan zitezkeela imajinatzeko. Espainian, badira hipotesien jolasa maite dutenak: 36an ez zen matxinada militarrik izango Calvo Sotelo hil izan ez balute. Afrikan, bero zebiltzan baina ordurako Franco eta enparauak. Nafarroan, karlistek eta elizak urteak zeramatzaten erreketeak prestatzen.

Ikusiko dugu hemendik urte batzuetara nola azalduko zaigun Gazako sarraskia. Galdera beti egin liteke: urriaren 7ko erasorik gabe, non geundeke orain? Gu, antzera; palestinarrak beste era batera, baina urteetako gabetze eta xehatze sistematikoaren begian nolanahi ere. 

«Eta hura egin izan ez bagenu?». Turrustan datorkigun ibai handia da historia, itaun pertsonal askoren, damu ez gutxiagoren eta galdera inoiz egin beharrik ez dutenen dinamika eta logika alimalekoen uholde basa. Eta han zoaz, emariak puntu batean harrapatu eta arrastaka beste batera. Ez itotzen ahalegintzea da askotan bizitza.

Eta urak zaramatzala: «Eta ezer egin izan ez bagenu?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.