Jendarte hobe baten ametsa du ituan kantuak. 1867ko gau batean egin omen zuen Jean Baptiste Clement idazleak Antoine Renard-en ezagutza Montmatreko cafe batean, non bestela. Batak poema eder bat zuen, besteak hitz horiek abesti bihurtzeko behar zuten doinua. Hala sortu zen Gerezi garaia, maitasun kantu zoragarri bat. Historiaren apeta izan zen Clement Pariseko Komunako ametsean nahastea eta gereziena himno iraultzaile bilakatzea.
Gerezi garaian gaude, eta jendarte hobe baten alde hildakoak gogorarazteko sasoia heldu da. Hala omenduko dira gaur bertan Iberon 1936ko urrian fusilatutako haiek. Lehengo astean beste horrenbeste egin zen Etxaurin, gerezi tokia gerezi tokirik bada. Aurrekoan, berriz, eta ihesaren urteurrenarekin bat eginez, Ezkabako gotorlekuan hildakoak ekarri ziren gogora.
Gerezi janean ari ginen Galizian orain dela urte parrasta bat Xan Vazquez ezagutu nuenean. Nik ez neukan poema ederrik eta bera ez zen musikaria, Coruñako udal arkeologoa baizik. Xan duen arren grazia, Juancho deitzen dute lagunek. Juancho?, galdetu nion harrituta. Orduan kontatu zidan izenaren istorioa.
Ez dakit non eta nolatan harrapatua, baina Ezkaban izan zuen aita preso Juanchok. Euskaldun bat omen zuen lagun min infernuko labean. Adiskidetasunaren abaroan hitza eman zioten bi lagunek elkarri: dena amaitzen zenean, eta egunen batean semeren bat bazuten, lagun presoaren izena emango zioten umeari. Horrexegatik deitzen da Juancho Xan Vazquez, abizena gogoan ez duen aitaren lagunagatik. Hariak berak ekarri zidan hurrengo itauna: eta Juantxok izan zuen semerik?
- Ez, benetakoa ez zen bizirik atera Ezkabatik.
Eta arkeologiaz, historiaz eta ondorengoen artean bizi diren hildakoez hizketan jarraitu genuen Coruñako etxe hartan. Ardoak eraginda edo, dindilizka ere jarri genituen platereko azken gereziak belarrietatik, seguru asko bi lagunek inoiz umetan bezalaxe.

LARREPETIT
Gerezi garaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu