Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gero eta gehiago

2018ko azaroaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gero eta euskara gehiago aditzen da Iruñeko karriketan». Poztu nintzen solaskideek hartua nuen pertzepzioa berretsi zidatenean afalosteko solasaldian. Aitortu behar dut ez Sakanako lagunak ez ni ez garela soziolinguistikan adituak auskalo garunaren zein eremutan dagoen graduondokoan aspaldi jasotako informazioa, beraiek gutxitan etortzen zaizkigula bisitan Hiri Buruzagira, nahiz eta azken bi urteotan nahi baino gehiago Iruñerako bidea hartu behar izan, eta hirurok berez baikorrak garela. Nolanahiden ere, baieztapena frogatzeko zenbakizko daturik ez genuen arren, bat etorri ginen hiru afaltiarrok gainerakoak biharamuneko finalaz ari ziren beste muturrean epaia emateko orduan: «Bai, gero eta euskara gehiago aditzen da Iruñeko karriketan, eta iruindarrei euskaraz entzuteak plazer handia sortzen digu». Seguru nago Euskaraldiaren eraginez plazera biderkatuko zaigula ostiraletik aurrera.

Gero eta euskara gehiago aditzen da Aiegiko karriketan. Lehenengo proposizioa eskuan datu zehatzik izan gabe egitea ekintza ausarta bada ere, are ausartuagoa litzateke bigarren hau aditzera ematea, behin baino ez bainaiz izan Lizarraldeko herrian. Hala ere, edozein tertulianoren modura, behar izatera sutsu defendatuko nuke baieztapena, benetan pentsatzen baitut, agian baikortasunak bultzatuta, lehen baino euskaldun gehiago dagoela Aiegin. Horregatik ezin dut ulertu zergatik bozkatu duten bertako biztanle batzuek beren herrikideen hizkuntza eskubideen aurka, eremu ez-euskaldunetik eremu mistora pasatzeko aukerari uko eginda. Benetan trabarik jarri nahi ote diote eskolan euskaraz ikasteko aukerari? Administrazioarekin harremanak bertako bi hizkuntzetan izateko aukera inposizioa al da? Angel Erroren artikuluez gogoeta egitea, Berri Txarrak-en kanten letrak abestea, Santi Leoneren umore finaz barre egitea edota Castillo Suarezen olerki emanaldietan hunkitzea kaltegarria ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.