Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Giza zooa

2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Frantziako iraultzaren urteurrena ospatzeko mustu zen Parisen 1889an, non bestela, giza zoo hura. Suaren Lurraldean bahitu zituen Maurice Maitre trafikanteak hamaika lagunak eta Erakusketa Unibertsalera katez lotuta ekarri. Bi, bidean hil zitzaizkion; beste bederatziak kaiola baten barruan erakutsi zituzten. Ikusgarritasunaren izenean zaldi-haragi gordina ematen zitzaien. Selk'namak ziren, baina «kanibal antropofago» gisa aurkeztu ziren Libertatearen, Egalitatearen eta Fraternitatearen festa hartan.

Maitre bere kabuz aritu bazen ere, kolonialismoaren ontasunean sinetsita bizi zen gizartea izan zuen bezero. Zortzi urte lehenago, Johann Wilhem Walhem alemaniar itsas-kapitainak beste hamaika harrapatu zituen Magallaes itsasartean eta orduan ere Parisera bidean jarri. Handik Berlineko zoora, ostruken esparrura. Osterak Leipzigen jarraitu zuen, Nurembergen, Munichen... Suitzara oso gaixorik heldu ziren. Lau bakarrik itzuli ziren etxera bizirik.

Jakin-minaren eta modernitatearen izenean erakutsi ziren gizakiak kaioletan, basapiztiekin tratuan zebiltzan berek bahituak eta ideologia supramazistak bedeinkatuak. Eta hala, zoologikoak eta zirkuak hornitzen zituen Carl Hagenbeck-ek nubak ekarrarazi zituen Sudanetik eta inuitak Labradorretik; mundua bildu zen leihatiletan sarrerarik gabe gelditzeko beldurrez Boulognera eraman zituztenean. Lehen esklabutzarekin bezalaxe, negozioa egiten zen «erakusketa antropologikoen» aitzakian.

Egun erakusketa haien asmoa, modua, hizkera bera zaigu antigoaleko, lotsagarri, kondenagarri. Baina lanegun latzaren ostean telebistara hurreratu eta irudiei begira geratuta, zer den esaten asmatu ezin dudan zerbaitek durduzatzen nau. Tximuaren kaiola aurrean bezala, bat-batean keinu bat harrapatu diot, eta beste bat gero, egunero egiten ditudan horien ezin berdinagoak. Ustez atzean utzitako hori guztia gure egunerokoan ezin biziago balego bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.