Larrepetit

Goia, behea

2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Euria goitik behera, nola bestela? Usoen kakak ere goitik behera erortzen dira. Grabitatea naturaren funtsezko elkarrekintzetako bat da; fenomeno gisa, erreala, baina, jenioei adituz gero, indar bezala, irudipena besterik ez, geometriaren efektua. Goitik aginduak heltzen zaizkigu, edota bonbak jaurtitzen dira, Misratan esaterako, libiar kostaldeko hiri lehiatuan. Ez naiz ni ausartuko hango kaleetan galtzera.

Ona den guztia goitik dator, jartzen zuen hizki potolo beltzez etxe baten hormaren goiko aldean. Irribarrea ateratzen zitzaidan esaldia irakurtzen nuen bakoitzean. Zirikatu egiten ninduen, irudimena sutu, sinesmena akuilatu: zorteko gaudenean, patuaren opari bat jaso dezakegula amesteko tenorean jartzen ninduen. Pilulak irensten dituzte askok efektu hori bera lortzearren. Niri nahikoak zaizkit hitz egokiak toki egokian.

Bizitzak etengabe eskaintzen dizkigu keinu lotsagabeak. Jostari? Beldurgabe. Etxe berria eraiki dute horma haren parean eta goitik datorrenaren gaztigua estali. Beste hitz bat agertu da trenbidera zuzenean ematen duen etxearen hormako behe aldean: Irudipena. Besterik ez. Soiltasunak desengainua sor dezake, lilura-galtzea.

Eman diezaiogun buelta, jar gaitezen hankaz gora. Zer da behetik gora datorrena? Behetik egiten dira iraultzak, begiratu berriro herrialde arabiarretara, nola egiten dioten planto bai urteetako diktadurari eta bai islamismo erradikalari ere. Erne, Palestinan bertan ere hasi dira, Facebook dela medio, eskubide zibilen aldeko mugimenduak. Udaberri arabiarrak ez du bidea hasieran zirudien bezain samurra, baina behetik dator eta behetik, lurretik hazten dira loreak ere; oraintxe udaberriko lehenengoak, ezkongai-loreak eta gorri ingelesak.

Hortzak ere, erdiak goitik eta beste erdiak behetik ateratzen zaizkigu. Eta denak behar ditugu hozka egin ahal izateko, ilusioak eta desilusioak. Ondo mamurtu ditugunean egiten dugu: Mau!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.