Mikele Landa.
LARREPETIT

Gomutak

2017ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Lau egun igaro dira Kataluniako herritarrek erreferenduma ospatu zutenetik. Eta oraindik buruan dauzkat gertatutakoaren irudi zatikatuak. Esnatu berritan iritsi zitzaizkidan mugikorrera lehen bideoak. Borrak, kasko beltzak eta odola. Segundo gutxi irauten zuten eszena bortitzek bete zizkidaten begiak. Hamarnaka izan ziren, igande osoan zehar, pantailak gerturatu zizkidan egunaren fragmentu laburrak.

Ikusitakoak barrenak astindu zizkidan eta flashak bailiran, memorian gordeak ditudan beste horrenbeste irudi etorri zaizkit gogora. Collage desordenatu bat.

Gogoan dut Jone Amezaga, astelehen batez Gernikako merkatuan. Beso eta hanketatik tiraka eraman zuten. Ertzaintzak borra luzagarriekin herritarrak amorruz kolpatu ostean, tartean 94 urteko emakume bat. Gaur begien aurrean ditut haren zauriak.

«A por ellos!» entzuten dudan honetan, gogoan dut Iñigo Cabacas. Gogoan ditut basauriarra hil zuten eguneko ertzain arduradunaren «Cargar con todo!» hitzak.

Kartelak eta papeletak ilegalak diren honetan, gogoan dut amuma, kartzelan zegoen bere semearen argazkia balkoitik kentzera behartu zutenean.

Gogoan dut Kukutza. Eta hura babestera gerturatutakoen haserrea. Egun hartan ehunka izan ziren zaurituak. Errekaldeko anbulatorioan artatu zituzten asko. Misteriotsuki desagertu egin ziren bertatik salaketa parteak.

Baina irudi horiekin batera, badira ahaztu ezin ditudan hauek ere: asteburu batez, euritako laranjak baliatuz, Gernika herri aske bilakatu genuenekoa. Fina eta Manuel, Iñigoren gurasoak eta lagunak, Basauriko Iñigo Cabacas plazaren inaugurazioan. Osaba Alcala Mecotik amumaren besoetara ekarri genuen eguna. Zerrendara gehitu ditut katalanen txaloak, irribarreak eta poztasun malkoak, hautetsontziak botoz bete dituzten egunean.

Ez dut ezer ere ez ahaztu nahi, baina badakit non izan nahi dudan gogoa. «Taupada bakoitza, koloreztatuz zuri beltza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.