Neska-gazte-idazle gisa daramadan ibilbide labur honetan erreparatu baitiot nire liburuari buruz jardutean (hala iruzkin nola telebista-elkarrizketetan), barra-barra errepikatu dituzten adjektibo lausenguzko batzuei (gordina, esplizitua eta pudorerik gabea), eta, batez ere, kezkatuta bainauka horien erabilerak sor dezakeen inpresio okerrak, betebehar moral bilakatu zait nahaste honen jiran zerbait esatea, kontuak argitze aldera; orain arte konturatu gabe bainengoen gure gaitzaren tamainaz, Orixeren itzalaren itzelaz, konturatu gabe zenbateraino zebilen zuzen Jose Luis Otamendi idatzi zuenean bera doan herrian hitz larria sobera dela eta igurtzia gutxi.
Ordea, larru-jotze hetero ezin konbentzionalagoek bereganatu duten arreta ikusita hartu diot tamaina problemari, eta, marketin engainagarriaren kontrako gurutzada betean, deliberatuta nago herriari bihotzez desio duena ematera, alegia, testu benetan gordinak, esplizituak eta pudorerik gabeak.
(Egiari zor, bilduma bakarra gomendatuko dizuet. Txalapartaren Literotura saila aipatzear nintzen, baina Erraiak-en basari buruzko baieztapen katedra-ezarleak ikusita, ondorioztatzen dut hain seguru mintzo direnek izango dutela ale umel horien guztien berririk, eta ez zaizkiela nahikoa izan).
Segi, beraz, Polálen Edicions Bartzelonako argitaletxearen Relatos Marranos. Una Antología derrepentean harrapatzera (Kaxilda liburu-dendan aurkeztu zuten herenegun), honako hauengatik: 1) eusko labeldun etxea da Polálen (Sarriren itzulpen katalanak kaleratu dituzte), 2) sexilio bartzelonarrera joandako zientoka euskal herritarrak ezin dira zeharo oker ibili eta 3) edizio beltz ezin erakargarriagoan etortzeaz gain, patrikan sartzeko modukoa da, eta azal ederra aldi berean da hirirako eta alurako mapa.

LARREPETIT
Gordin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu