Goizalde Landabaso

Gorputzak

2024ko otsailaren 13a
05:00
Entzun

«Eta bihar, zein gorputzetan nahiko zenuke itzartu?». Kalean zoazela, belarriak libre, hamaika gauza entzun zenitzake. Esaldi hori emakume gazte biren arteko solasetik harrapatu nuen, pasaeran. Denborak mugarrituta, ezin izan nuen erantzunaren zain egon, eta ez dakit zer erantzun ote zion lagunak, zein gorputzetan nahiko lukeen itzartu. Aitortu behar dut bidea eta hurrengo egunera arteko tarteak bete zituela galdera horrek neure barruan. Ez zuten beste bat izan nahi, desira gorputzetik zetorren. Alegia, euren pertsonalitateari heldu eta gorputzik gorputz zebiltzan jolasean. Akordura etorri zitzaidan etorkizun posible bat islatzen zuen telesail hura, Altered Carbon. Horretan ere, diruaren arabera kontzientzia eta arima garraia zenitzakeen beste gorputzetara. Soin batetik beste soinera. Gorputzak edukiontziak baino ez ziren.

Arazo da gorputza. Ez litzateke izan beharko, baina arazo da. Gantza sobra duzunean, baduzulako; gantzik ez duzunean, berriz, ez duzulako. Ezinezkoak diren gorputzez inguratuta hazi gara, eta ez da erraza perfekziotzat dituzten gorputz zehatz horietan sartzea. Neu ez naiz sartzen gorputz horietan. Aspaldi ikasitako lezioa da. Minez, frustrazioz eta haserrez beteriko lezioa. Ezagutzen dudan inor ez dago merkatuak agintzen duen gorputz horietan sartzen denik; beti sobran, beti faltan. Ezagutzen ditudan (ia) gehienak, baina, neurriz kanpoko gorputz horiek mindu dute inoiz edo behin. Sobran edo faltan, besteak beste. Gorputz-komentarioak tamalgarriak izaten dira, onenetan. Okerrenetan, aldiz, osasun arazo latza. Nik neure gorputzean esnatu nahiko nuke bihar; egiten dudana baino lo gehiago eginda, hori bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.