Zihara Enbeita.
Larrepetit

Gorra izan arren

2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aspaldiko partez ile apaindegian. Ilea tindatu beharraren aitzakiapean ezin prentsa arrosa errepasatu gabe gelditu. Ezer ez dela aldatu ziurtatzeko. Emakumeak protagonista diren artikuluetan betiko galderak, betiko titularrak. Maiteminduta ote dagoen, ezkontzeko planik duen, umea izan ondoren zein azkar berreskuratu duen bere gorputz liraina (eta lortu ez dutenentzako zuku, alkalina dieta eta bestelako hainbat aholku)... Izan ere, hori da emakumeon lana. Maitemintzea eta ezkontzea, ama izatea eta gorputz eta aurpegi lirain eta gazteak betikotzea.

Gorra izan arren modelo entzutetsu bihurtu den neska dute aipagai hurrengo orrialdeetan. Bai, hala dio, «gorra izan arren». Ederra, gorputzeko neurriak perfektuak, baina gorra.

Feminista izatea zein nekagarria den irakurri dut bestelako prentsan. Betaurreko moreak janzterakoan nola aldatzen den dena. Akabo zoriontasuna eta inozentzia. Prentsa arrosa irakurtzerakoan ere traba dira betaurrekoak. Ezin gure irakurgaiarekin gozatu. Erlaxatzerik ez. Ezin ingurukoen eran bataren janzkera dela eta jardun, edota Fulano zein itsusia den eta normala dela Benganarekin jarraitu ez izana. Eta behin jantzita ezin betaurrekoak erantzi. Eta zer esan emakumetasuna bakarrik ez, euskalduntasuna ere etengabe defendatu beharra duzunean. Norbere herrian norbere hizkuntzan jarduteagatik errespetu falta leporatzen dizutenean. Euskaldunak erdaraz ondoan eta norbera euskaraz temati. Norbere hizkuntzan berba egiteagatik polizia bidaltzen dizutenean edo bekak kendu.

Eroa, leku denetan mamuak ikusten dituena, batetik eta errespetu gabekoa, zigorra merezi duena, bestetik. Aspergarriak batzuentzat zein besteentzat, baina gu harro. Jakin arren ez dagoela ikusi nahi ez duena baino itsu txarragorik ezta egia entzun nahi ez duena baino gor txarragorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.