Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Gu eta gutarrak

2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Denok hilko gara», idatzi zuen baten batek, eta izua, behor libre hori, sua lastozko teilatu artean baino arinago zabaldu zen. Nori leporatu ere bagenuen, Espainiako gobernuaren zabarkeriaz heldu zen ebola Europara, eta hilabete kontua zen denok harrak gobernatzera joatea. Denborak osatu du zauria. Ez gara hil. Beno, gu behintzat ez gara hil.

Berebiziko munta du gu nor garen zedarritzeak, jasanezina genuke bestela bizitza. Imajina dezagun lipar batez geu garela aste honetan Mediterraneoak irentsi dituen ia bederatziehun horiek. Edo geure senide, adiskide, lankideak zitezkeela. Nahikoa sufritu dugu Alpeetako pilotu eroarekin orain gure oporretako itsasoarekin ere amesgaiztoak izateko. Haiek gu ginen, New Yorkeko atentatuan edo Londreskoan edo Madrilgoan hil ziren haiek bezain gu; gu izendun, biografia baten jabe, irribarrez argazkietan.

Kontu praktikoa ere bada, ezin gara infinitoak izan. Mediterraneoan hil, hiltzen, hilko diren horiek gu izateko egunero arduratu beharko genuke haien lurraldeetan gertatzen denaz, egunero eraiki imajinario zabalago bat, idazlez, zinegilez, musikariz, irudi ez turistikoz, izen ahoskaezinez etxekotu, geu direla sentitu arte. Eta benetan, bada lantegi nekagarriagorik?

Horregatik da dena oso konplikatua, horregatik bizi behar dugu eguneroko gure gauza guztiak jainko eskuzabal batek, historia aseptiko batek opari eman izan balizkigu bezala. Izan ere, zer zentzu du kolonialiasmoaz eta mendeetako ustiaketaz mintzatzeak, zer geure gobernuek babestutako parte-hartze militarrez Sirian edo Libian? Bizitza berez da zaila iraganaz arduraten hasteko.

Eta hain zuzen horrexegatik, errua beti partikularra delako da giza trafikatzaileena kulpa, eta horrexegatik poztuko gara errespetu instituzionaletik gure hegazkinek, bertaraino joanda, haien ontziak bonbaz suntsitzen dituztenean.

Hil behar badute lehorrean hil daitezen sikera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.