Kasualitatez, antz handiko bi baieztapenekin egin duzu topo aste berean. Bata, Naia Torrealdairena, Txalapartak eta Iratzar Fundazioak elkarlanean argitaratutako Amaieratik hasi liburuan topatu duzu, eta funtsean, dio arrisku bat dela «gizonen aldetik, proposamen feministak eraldaketarako tresnatzat ez, baizik eta diskurtsoak osatzeko erremintatzat erabiltzea». Bestea, ezin argiagoa, Eraikiz taldeko Manu Gotarena da, kolektibo horrek gizonentzako eskaintzen dituen tailerretako partaideei buruz esandakoa: «Tailerretara iristen diren gizonak ez dira berdinzaleak, baizik politikoki zuzenak».
Oximorona dirudi, baina arazo positibo bat izan ohi da zuzentasun politikoarena, tamalez —edo zorionez— egungo gizarteko alor asko zipriztintzen dituena. Arazo, fondora jaisteko galga izan daitekeelako, edo arazoen azalean geratzeko aitzakia. Baina positibo, behintzat, kontzientzia baten seinale badelako, eta hortaz, atea irekitzen dielako sakonagoko eraldaketei. Fase batetik bestera pasatzeko gai den proposamen politikoarena izango da arrakasta.
Eta, hala ere, egia da: goiko baieztapenak irakurri eta norbaitek parean ispilu bat jarri balizu bezala da. Zeren eta urteak dira ezkerreko erakundetan militatu eta feminismoarekin topo egin zenuela, eta ongi dakizu tarte horretan deseraikitzea ze beharrezkoa den ikasten ari zaren bezain ongi, zure pribilegioak identifikatzen ikasten ari zaren bezain ongi, ikasi duzula, zertan ukatu, une bakoitzean esan beharrekoa zer den ere. Horrek duen arrisku guztiarekin.
Eta, alderantziz, zuzentasun politikoaren uholde honek badu bestelako kalte-ordain bat: gizon baten ekarpen, jarrera eta diskurtso zintzoena ere interesatutzat jotzeko arriskura eraman gaitzakeela. Artikulu hau, adibidez, zintzoa ala ongi geratzeko asmoz idatzia den pentsatzera eraman zaitzakeen arrisku bera. Horregatik dira garrantzitsuak, mugimendu feministarekin batera, Eraikiz bezalako taldeek proposatzen dituzten konfiantza espazioak, protagonismo publikorik gabekoak, besteek entzun nahi dutena esatera baino, benetan pentsatzen eta sentitzen duzuna esatera bultzatzen zaituztelako.