Maider Galardi

Gure bazterrak (eta III)

2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Hauteskunde asteburua izan da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta ni non eta Madrilen izan naiz, Espainiako epizentroan. Ez pentsa Malasaña eta Gran Via zapaldu ditudanik. S-rekin egoteko jaitsi naiz, eta hasieratik abisatu dit ez dugula erdigunea zapalduko. K-rekin eta M-rekin joan naiz autoan, K-k idatzitako liburua gaztelaniara itzuli dutela eta pare bat aurkezpen dituelako lotuta. K-k esan du espero duela Moio pozik egotea utzi duen legatuarekin, maitasunez eta plazeretik ere hitz egiten du berari buruz, eta bere heriotzaren urteurrena izan denez, zera idatzi dio sare sozialetan: «Lagun berri pila egin dituzu».

Nik ere egin ditut lagun berriak lau egunean, eta primeran zaindu nau betikoak, S-k. Eraman nau Tetuaneko zentro sozialera, ezagutu ditut bloke bolleroko bere kideak Vallekasen, entzun beren burua «bitxo arrarotzat» dutenen bizipenak Lavapiesen, ikusi maitasun aitortza publiko bat nor eta nolakoa zaren axola ez duen kontzertu batean, segitu putak, eroak, lodiak eta gorputz disidenteak manifestazio batean. Ohartu naiz, halaber, nik habitatzen dudan erdiguneaz eta ditudan pribilegioez, nahiz geure burua batzuetan erotzat eta putatzat aldarrikatu.

Ez dizuet gezurrik esango, plazerezkoa bezainbat deserosoa izan da asteburua zentzurik onenean. Ohartu naizelako bazterrei begira aritu naizen azken hiru asteetan ni neu uste nuen baino askoz ere zentrorago nengoela. Horretaz konturatu naiz, eta ikusi dut jende hori mundu zital honekin haserre, baina baita elkarri maitasun eta ahizpatasun handia ematen eta disfrutatzen ere. Ni, gainera, azkenaldian amorratuta bizi naiz, gozamenari toki gutxi eginda, eta S-k ertzetik zentrora bidalitako maitasun ufadak gorputza astindu dit. Bueltakoan K, T eta M-rekin barrez, bazterrez eta plazerez lehertu naiz autoan, hauteskunde gauaren indar zentrifugoak irentsi aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.