Maider Galardi

Gure bazterrak II

2024ko apirilaren 18a
05:00
Entzun

Baztanetik etxera itzuli naiz, Lasarte-Oriara, Gipuzkoako periferietan egon gabe —horra Eibar eta Irun punta banatan— bazterretan bazterrenera. Amonarenean nago, bisitan berez, baina egiaz galtza batzuei barrenak hartzeko aitzakia baliatuta. Eskatu dizkiot hari beixa eta orratza, eta zentzugabeko puntadak eman ditut amona desesperatu den arte. Jantzi du berak titarea, hartu orratza, jarri galtzak magalean eta hasi da josten eta kontari. Nerabe zela «jaitsi zen kalera» Astigarragatik, bere aitak baserria utzi eta Michelin fabrikara lanera etortzeko familia guztia Lasartera mugitu zuenean. Amonaren ahizpa nagusi batek ondo josten omen zekien, eta berehala lortu zuen herriko jostun nagusiarentzako lantxo batzuk egitea. «Badakizu zer enkargatzen zion?», galdetzen dit amonak hanka bateko barrena bukatu eta bestearekin hasi behar duela aprobetxatuta burua altxa duenean. Pentsatu dut ezkontzetako jantziei buruz hasiko zitzaidala, baina fabrikako langileentzako mahonezko trajeak prestatzen zituela esan dit irriz.

Aurten Parisko Marché aux Puces-en 70 eurotan salgai ikusi ditut mahonezko galtzak, eta alkandorak beste hainbestetan. Izugarria iruditu zitzaidan hain langile klasearena den elementu bat horrela perbertitzea. Pobreziaren erromantizazioa eta kapitalismo kontsumistenaren gorazarrea, dena bat merkatuko izkina bakoitzean kolore urdin elektrikoz tindatuta. Irudi horiek buruan ditudala esan dit amonak bukatu duela eta probatzeko galtzak. Jantzi ditut eta primeran daude. Josteko kutxan soberakinak gordetzen ari dela pentsatu dut perbertsoa dela, halaber, hain langile klasearena den elementu hori gure iruditerian ere oso partzialki goratzea, hain fabrikako gizonena baita, eta hain gutxi etxean horiek josten zituztenena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.