Maider Galardi

Gure bazterrak I

2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Hego haizeagatik edo tesiko azken urtearen estresagatik 06:30erako ez naiz ohean kabitzen. Erratzun nago, aitita eta amamarenean doktoretza tesiari bultzada bat emateko erretiratuta. Eguna argitzerako, korrika noa Xorroxinerantz, musika aurikularretan. Hala joan naiz Gorostapalotik datorren bidegurutzera arte: erdi korrika, erdi oinez erritmo bizian. Aurrerago topatu dut lehen katagorria, eta topera dudan musikaren atzetik entzuten ditut txoriak eta erreka. Sobera dut Bad Gyal, eta enbarazu egiten dit abiadura azkarrak eragindako arnasestuak. Kendu ditut kaskoak, eta banoa lasai errekasto ondotik ur jauzira arte. Han zain, bigarren katagorri bat. Bidean topatutako izaki bakarrak dira: azken urteetan ezohiko estanpa. Gogoratzen dut iaz M-rekin etorri ginenekoa: herri sarrerako parkinga beteta zegoen, eta galdetu ziguten ea Xorroxinera gindoazen. Baietz guk, eta langileek, topera zegoela paseoa. Biharamunean joan ginen, eta bide hori dozenaka aldiz egin badut ere, turista bat gehiago izatearen sentsazioa ezin izan nuen gainetik kendu.

Ez gara engainatuko: duela 40 urte Baztanera etorritako bikote baten ondorengoa naiz, eta beti izan dut kanpo-barru sentipen hori. Hala sartzen naiz Zubipuntara txikitatik, pixka bat burua jaitsita, nahiz eta N-k behin esan zidan nire senideak jada kasik bertako direla. Oraingoan ere itzuli gara tabernara afaltzera. Ezin dut saihestu barrara apalduta hurbiltzea, eta halabeharrez altxatu dut burua zerbitzariari afaria eskatzeko. Han ikusi dut Erdiz Bizirik! dioen banderola. Disimulatu nahi izan dut noizean behin hara goazen «bisitari jatorron» eta erabat konprometitzen ez garenon deserosotasuna, baina egiaz banaizen kanpotarraren tonu ia erridikuluan eskatu dizkiot xinger eta gasna bokadiloak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.