Abel Muniategik idatzi eta Kafe Antzokiko bozgorailuek Azkenarako erromesaldia iragartzeko, sarri itaundu digute: Zenbat gera? Lau, bat, hiru, bost, zazpi? Gu kontzeptuak nortasuna ematen digu nerabezaroan, zerbaiten partaide sentitzen gara. Gu-n harrapatuta geratzen dena munduari begira biziko da bere barruan aramu sareak pilatzen diren bitartean. Baina gu sentitzen ez denak ez du sekula nor izan zitekeen jakingo, ez baitu hurkoa gure aurretik ipintzen ikasi arte itxita dauden leihoen argirik ezagutuko.
Emakumeek ilargiaren ispiluan eguzkiaren urrezko orrazia aurkitueta nekazaritza sortu zutenetik ospatzen ei da pazko eguna. Udaberriko ekinozioaren osteko lehenengo iretargi betearen ondorengo lehen domeka. Lurraren emankortasunaren berpizkundearen jaia Babilonia zaharrean, uzta berriaren hasiera. Aberri Eguna.
Uzta berria lortzeko, Independentistak sarearen zelai berdeak soro emankor bihurtzera deitu digute Gernika eta Baigorrira. Gernika, zuhaitzak gizakion erabakiak lege bihurtzeko ohitura zaharra etorkizuneko giltzarrietako bat da. Gizakion erabaki guztietan naturarekiko batasuna presente ez badago, etorkizunean ezingo dugu izan. Ez euskaldun, ez frantziar, ez eta arratoi ere. Baigorrin, ostera, euskarak mundua ikusteko begi ezberdinak oparitu dizkion giza-multzo baten mendeetako erresistentziaren lekuko izango da Iparlako gaina. Begi berezi horiek babesteko, estatu formako betaurrekoak gura ditugu. Betaurreko guztiak deserosoak izan arren.
Betaurreko batzuk izan genituen, Nafarroa izenekoak. Euzkadi izeneko batzuen ametsagatik hil ziren gure aitaita-amamen odola zirenak. Eta Euskaditik Euskal Herrirako bidea galdutako lagunez, kristal lodiz, suz eta odolez beterik dago.
Galdera da betaurreko ezberdin horiek guztiak ulertu eta zuhaizpean proiektuak errealitate bihurtzea ahalbidetuko duen gu bat sortzeko gai izango ote garen.
Larrepetit
Gure eguna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu