Larrepetit

'Guten morgen'

2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hamar eta hamabi urte bitarteko umeekin tailer bat egin dugu, hogeita lau umetik hogeita biren ama hizkuntza alemana ez den talde batean. Eguna hasteko, bakoitzak bere izena eta egunon esan behar zuen, norberak nahi zuen hizkuntzan, espresuki adieraziz etxeko hizkuntza erabil zitekeela. Hasi dugu erronda, eta ume batek bestearen atzetik: guten morgen. Mutiko nagusienetako baten txanda iritsi den arte: gurasoak Bosniatik etorri zirela azaldu eta dobar dan esan du, guztiz natural. Ondoko laguna kutsatu, eta honek günaydin ahoskatu du, lotsa izpi batez. Berriz guten morgen-etara bueltatu gara, neskato txikietako batzuk günaydin-ekin ausartu diren arte.

Euskalduna izanik, arrotz zait norberaren hizkuntza besteen aurrean ezkutatzeko nahia. Kontrako joera dugula esango nuke. Egunerokotasunean erabiltzen ez duenak ere, atzerrian harro erakutsi ohi du hizkuntza bitxi, zahar, zeharo ezberdin baten hiztuna dela.

Adina izan liteke azalpenetako bat. Ezberdintasunak ondo ikusiak ez diren adinekoak baitziren haurrak. Hizkuntzarekin zerikusirik ez duten beste kontuetan ere, atentziorik ez ematea zaintzen dute.

Ustekabeak ere egingo zuen bere lana. Ez zeuden prest eskola giroan etxean erabiltzen duten hizkuntzan egiteko gonbita jasotzeko.

Interesgarria izan da egunak joan ahala hasierako jarrerak izan duen bilakaera. Gero eta ume gehiago animatu da ama hizkuntzan egunonak ematera. Salam aleikum, dzien dobre. Agurretan ere, peace, güle-güle, do widzenia... Natural bihurtu da lehenengo eta, hurrengo pausoan, jolas: azken egunetan besteen hizkuntzak eta ezagunak zaizkien esamoldeak erabiltzen hasi dira. Dibertigarria zaienaren arabera edo lagun minarentzako keinua luzatuz.

Integratzea eskatzen zaie ume hauei. Lehenengo, ongi etorri esaten ikasi behar dugu. Bukaerarako utziz agur, sayônara, hasta la vista, ila l -liqa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.