Apirila, behar ez zuen hila. Eta arian, laurogeigarren bider jausten dira bonbak Gernika gainean, errituei eusten gaixorik den herri honetan, laurogeitarrenez bonbak hilen eta gezurren gainean, lehenago Otxandion, Irunen, Igorren edota Durangon bezala.
Bien bitartean, ahots bat Chiapasen: «Hil didaten haurride bat dut. Bada inor hildako haurriderik ez duenik? Hil didaten haurride bat dut, bala batek buruan jota».
Arian-arian, dena dator harian. Ez dira euskaldunak hegazkinetatik eraso egindako aurrenekoak. Lehenagotik izan ziren beste batzuk, Maroko iparraldean, Arrifeko mendarteetan. Harian, euskal gernika guztiak bezala militar berak seinalatuak mapa baten gainean. Sanjurjok, Francok, Millan-Astrayk Gernikan egin zutena ez baitzen izan Afrikan probatua perfekzionatzea besterik. Zibilen kontrako bonbak, azoka egun batez. Zientzia enpirikoa baita gerra. Gernika suntsitu eta laburrera, Bigarren Mundu Gerran, hemen probaturikoa perfekzionatuko dute Gernikako hegazkinek Europa ekialdeko hamaika herriren kontra. Arian-arian, hariak lotzen du oro.
Eta ahotsa ez da isildu: «Lehengo batean, goizaldean, nondik zetorren galdetu nion haurridea hil zuen balari. Erantzun zidan: 'fusiletik, soldaduaren fusiletik, gobernuaren soldaduaren fusiletik, boteretsuaren gobernuaren soldaduaren fusiletik, beste boteretsu baten esanetara dagoen gobernuaren soldaduaren fusiletik'. Ez du aberririk senidea hil zidan balak».
Gerra industria baita, «eta ongizatea», esango digute esan gaberik. Batzuen aberastasuna besteen hondamendiaren lepotik.
Eta orain, suhiltzaile objetoreek gure portuetan armaz beteriko zamaontziak salatzen dituztelarik, hariari jarraitzea baino ez dugu, bala, fusila, gobernua, boterea, honi agintzen dion boterea... hobeto uler dezagun zer gertatzen den geure atzoko gerniketan ez ezik mundu zabaleko gaurko gernika guztietan ere.

LARREPETIT
Harian-harian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu