Ander Perez Argote

Hasi eta buka

2024ko maiatzaren 10a
05:00
Entzun

Kontatzen zuen Umberto Ecok gaztetan, unibertsitateko ikasle zela, sarri alde egin behar izaten zuela antzokitik obrak bukatu aurretik, gauez campusa ixten zutelako. Gerora jakin zuen haren lagun bati kontrakoa pasatzen zitzaiola: sarrerak saltzen egiten zuen lan, eta berandu heltzen zirenen zain egon behar izaten zuenez, behin obra hasitakoan sartzen zen beti antzokira. Eta batari hasierak eta besteari bukaerak falta zitzaizkienez, behin jubilatutakoan banku batean jarri eta elkarri sekula ikusi gabeko obra guztiak kontatzearekin amesten zuen Ecok.

Sarri pentsatu izan duzu bizitza ipuinen eskema klasikoan bizi dugula —planteamendua, korapiloa eta amaiera—, nola hasi ginen ahazten zaigunerako nola bukatuko dugun pentsatzen hasita. Eta zu ere larritu izan zara noiz edo noiz, bide oso-osoa zurekin partekatuko duenik ez dagoelako. Egongo zirelako zurekin hasieran bai baina bukaeran egongo ez direnak, eta bukaeran egongo direlako haur zinela zure existentziaren berririk ere ez zutenak.

Zentzurik ez duena da, bizi osoari transzendentzia eman nahi izate horretan, adibidez, bikotekide berriari ezkutatzea ez dela lehena, ezkutatzea iragana duzula; zentzurik ez duen bezala, ez bada betirako izango, unean unekoak balioa galtzea. Tartekoa dugu parterik luzeena, baina herren ikusten dugu, ez bazaio hasiera edo bukaerari lotzen.

Desiatzen zuen Ecok lagunari hasierak kontatu eta harengandik bukaerak jasotzea. «Baina, izango ginateke zoriontsu?», zioen aldi berean, «edo galduko genuke artea bizitza errealaren gisara bizitzeko xalotasuna, zeinetara denak eserita daudelarik sartzen garen, eta gainerako pertsonaiekin zer pasako den jakin gabe atera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.