Ander Perez Argote
LARREPETIT

Hasteko modu bat

2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ehun eta bi urterekin hil zen arte, ia egunero ikusten zituen birramonak pilota partiduak, Potasaseko bere etxeko egongelan. Euskaraz tutik ez zekien, baina ETB1 pizten zuen arratsaldero, kantxa jokoaz gozatzeko. Orain ziur ez dakit, baina imajina dezaket zein zen salako mahaian zuen egunkaria. Haren irudia etorri zait burura, pilota partidu batean erreboteko paretan itsatsita Diario de Navarra-ren publizitatea ikusi dudanean.

Tolosako Beotibarkoa zen publia, baina berdin izan zitekeen Eibar, Bilbo edo Gasteiz. Bistan da bertako ikusleek ez dutela Diario de Navarra erosiko. Publizitatea ez dagoela haiei zuzendua, alegia, baizik eta telebistaren beste aldera begira egongo diren nafarrei —birramona izan zitekeen bat—. Eta, besteak beste —edo zehazki— euskaraz jakin gabe euskarazko telebista ikusten ari diren eta egunkari horren tesi euskarafoboekinbat egin dezaketenei. Negozioa negozio.

Mila Ezker. Izen kuriosoko emakume horri buruz galdezka deitu omen zuen behin norbaitek Iruñeko BERRIAren egoitzara, erredakzioan kontatzen zen anekdota ongi gogoratu badut. Egunkaritik jasotzen zituen emailetako azken agurra (mila esker) izen propio bat zelakoan deitu zuen. Hor bizi gara, euskaraz eskerrak nola ematen diren ere ez dakien jendez betetako lurraldean. Euskaraz telebista ikusi baina hizkuntza hau existituko ez balitz bezala jokatzen duen jendez inguratuta. Abizenak euskaraz blai izanagatik, lur honetan euskarak errorik ez duela sinistuta bizi den jendea bizilagun.

Badakit Bilboko biharko manifa ez doala zuzenean horretaz, ez bada azkenaldian euskararen kontra administrazioaren eta justiziaren alorretik jasandako erasoak salatzeko beharretik. Baina, Nafarroan behintzat, nekez aldatuko da edozein lege, dekretu edo epai, bertako herritarren euskararekiko pertzepzioa aldatzen ez bada.

Ez nion sekula birramonari galdetu zenbat hitz zekizkien euskaraz, agian berak ere jakin gabe. Hasteko modu bat izan zitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.