Iñigo Aranbarri.
Larrepetit

Haur literatura

2014ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Murrizketek astindutako Europa-txatal bat da hau, lau langabe adinekoren kontakizuna.

Costin Antonescu da bat, nekazari Baragan-en, Errumanian: «Geure gurasoak legez, bizi guztian aritu izan naiz nagusiarentzat, eta ez si eta ez no, kalean utzi nau. Ez omen daukat indarrik lanerako. Ezer gabe laga nau. Protestatzeko hartu nuen Bruselara abiatzeko asmoa».

Bideko sastrakak bezain antzekoak dira istorioak. Amina Bachir Bordeletik dator, aldirietako lantegi batean jardun du oraintsu arte: «Bizi guztian ugazaben esana betetzen, eta orain zer, eta trapu zahar bat banintz bezala baztertu. Nork hartuko nau orain?».

Ez dabil urrun Assunçao Pires. Lisboako etxe aberats batean txikitu du bizkarra atzo arte. Berarekin erabili duten aitzakia, Costin eta Aminarenaren oso antzekoa da. Nagusiak esatera, ez da gai orain arte egiten zituen eginbeharrak egiteko. Horregatik utzi ei du kalean.

Nico deitzeko esaten du laugarrenak. Nongoa den galdetuta, edonongoa dela erantzuten du, gandorra tente. Adinik ere, ez du eman nahi. Bere bitartez mintzo da Brusela bidean den laukotea:

«Gau batean, ezin etsita geundela, argia ikusi genuen jauregi batean. Oturuntza baterako prestatuta zegoen dena. Atea bortxatuta, mahai gainean zegoen guztia irentsi genuen, hain ginen gose. Etxejabeak heldu zirenean, kolpeka eta irainka bidali genituen. Manka-manka eginda aterarazi genituen euren etxetik.

Bitxiena da gure istorioa umeei kontatzen zaiela egun, oheratuta daudela, lokartu aurretik. Baita aberatsen etxeetan ere. Ipuinean ez gara Costin, Amina, Assunçao eta Nico; astoa, txakurra, katua eta oilarra baizik. Eta Bruselara barik, Bremen bidean goaz, eta musikariak gara.

Gaur jakin dugu Grimm anaiak atxilo hartu dituztela, Berlingo Dorotheenstadt hilerrian, indarkeriaren apologia egotzita. Orain badakite animaliena literatura jantzia besterik ez dela. Gu gara hurrenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.