Onintza Enbeita
LARREPETIT

Hezurrak

2016ko urriaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Giza gorputza 206 hezurrek osatzen ei dute. Ba omen dago 210 hezur dituenik ere. Hezur suturalen araberako ei da diferentzia. Ez dakit oso ondo zein hezur diren, baina badirudi gure eguneroko bizitzan ez dutela eragin berezirik. Medikuek nik baino hobeto ulertu eta esplikatuko lukete hau guztia, baina esango nuke, bizirik gaudela, haragiari tente eusten dion armadura dela gure eskeletoa. Estetikoki ez ditugu asko baloratzen kubitoa, burezurra edo peronea, baina hiltzen garenean, gure arima galtzen denean, gure aitaren etxearen moduan irauten dute gure hezurrek: zutik.

Eta hain zuzen ere orduan, hiltzen garenean, gure hezurrek hitz egiten dute. Gauza harrigarriak kontatzen dituzte. Adibidez: Lucyren hezurrek esplikatu digute gizakirik zaharrenak nola bizi izan ziren, edo izotz azpian aurkitutako hezurdura bati esker irudika ditzakegu mamutak.

Historian honantzago etorrita, geografian hain urrun joan gabe, hemen, historia oso bat eraikitzen ari dira forentseak. Hobietan, bide bazterretan, zuloetan... agertzen diren hezurrek erakutsi digute zer egin ziguten duela laurogei urte. Eta ulertu dugu, berriro ere, ez dela berdina gerrak irabaztea edo galtzea. Irabazleen hezurrak Erorien Monumentuan gorde zituzten: Espainia gorrien eta errepublikaren kaosetik libratzeko gurutzadan erori zirelako. Galtzaileenak, berriz, Gazteluko zulo batean bota zituzten. Eta guk badakigu ez dela berdina erortzea eta botatzea.

Eta hain justu orain, Molaren eta Sanjurjoren gorpuzkiak Iruñeko Erorien Monumentutik ateratzeko data jarrita dagoenean, Juana Josefa Goñi eta haren sei seme-alaben hezurrak aurkitu ditu Aranzadik. Titularretan gurutzatu dira, berriz ere, galtzaileak eta irabazleak. Ea asmatzen dugun, bigarren aukera honetan, bakoitzaren hezurrak justiziaz tokatzen zaien lekuan uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.