nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Hilean 160.000 euro, gutxienez

2023ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Etxe guztietara iritsi da pasa den larunbatean Donostian jokatu zen gizonezkoen futbol derbiko irudi bat: Athleticen zale bat irribarretsu eta duin ageri da gol bat ospatzen duten Realaren zalez inguraturik. Eta denok harro, euskaldunok badakigulako futbola benetan bizitzen. Gure afizioak desberdinak direlako; gure futbola berezia. Ba, ez. Gertaera sinpatikoa denik ezin inork ukatu, baina futbola futbola da, Santiago Bernabeun, San Mamesen zein Anoetan. Larunbatean baloiari ostikoka ari ziren horietako askok gutxienez 160.000 euro irabazten dituzte hilean (bai, hilean). Prekaritatea, etxebizitza duinak, zaintza... Zenbat konpondu genezake halako aurrekontua izanda? Eta futbolak mugitzen duen diru guztia benetan garrantzitsuak diren gauzetan inbertituko balitz?

Futbola boterea da. Futbola politikoa da. Eta da fanatismoa, biolentzia eta gorrotoa. Gaurko haurrak ez dira jolasten futbolean, futbolari izatera jolasten dira; eta ez dago arrazoinamendu beharrik horrek dakarren arriskua ulertzeko.

Eguneroko jardunean ezkerrekoak, kritikoak, diren askok eta askok, bizitzako beste alor askotan sistemaren aurka jarduten diren gehiegik, euren futbol taldeko golak ospatzen jarraitzen du. Futbolak beste guzti horrekin zerikusirik izango ez balu bezala. Zenbatek sentitu du tristura eta haserre handiagoa euren futbol taldea Europatik kanpo gelditu denean, Siriako errefuxiatuen kanpalekuko irudiak ikustean baino?

Artikulu hau idazten ari naizela, ama etorri da etxera kaxa bat eskuan: garajea txukuntzen ari zela, duela hogei urteko nire futboleko botak aurkitu ditu. Txeraz ibili ditut begien aurrean. Makina bat poz eta tristura bizi izan nituen haiek jantzita, Athleticen zenbat gol ospatu ote nituen orduan eta zelako amorrua Realaren kontra galtzen zuen bakoitzean. Denbora zer den, nola pasa gaitezkeen zerbait maitatzetik hura gaitzestera, nola opa diezaiokegun lehen garrantzitsutzat genuen zerbaiti betiko desagertu dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.