Hedoi Etxarte

Hiletak eta musika

2025eko irailaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urte batzuk, luzaroan izan nuen kezka izan zen: ze musika nahi nukeen jar zezatela nire hileta ekitaldian. Platonikoki pentsatuta garbi nuen Wagnerren piezaren bat behar zela, ez opera oso bat noski; uste dut inor gutxik maite duela beste norbait lau orduz eserita musika pieza bat entzuten egoteko. Horregatik preludioren bat ala oberturaren bat izan beharko zela garbi nuen. Baina, halere, nire operen sarrera gogokoenak, gaiarengatik ala jatorrian lotura zuten esanahiarengatik, oso desegokiak ziren: heroiei egindako piezak ziren ala horrekin lotzen nituen (Tannhäuser, Holandar herraria, Nürembergeko maisu kantariak), ala maitasunari (Tristan eta Isolde). Orduan jabetu nintzen abesti bat hautatzearen zailtasunaz (oso deigarria egin zitzaidan, adibidez, milaka manifestari geunden preso politikoen dispertsioaren aurkako Bilboko manifestazio batean Carl Orffen Carmina Burana erabiltzea une gorenean: Orff nazi kolaborazionista bat izan zen eta Carmina-ren gaia natura eta gozamena da). Beti hauta daiteke melodia atsegin bat, egokia, nahiz eta ni ez naizen gai jatorrizko testua hala testuingurutik isolatzeko.

Kontua da Pascal Quignardek Musikari gorroto saiakera bildumako Nire heriotzaz atalean zera idatzi zuela hiletetako musiken erabileraz: «Musikarik ez, ez aurretik, ez bitartean, ezta erraustearen ostean ere. Ezta txitxar bat eskegitako kaiola batean ere. Bertaratutakoen artean inork negar egiten badu ala zintz egiten badu, guztiak egongo dira deseroso eta deserosotasuna are handiagoa izango da ez duelako musikak disimulatuko. Barkamena eskatzen diet nire ostean biziko direnei deserosotasunarengatik, baina nahiago dut molestia hori musika baino. Zalapartarik ez. Ez da inolako erriturik egongo. Ez da inolako kanturik abestuko. Ez da inolako hitzik esango. Inolako erreprodukzio elektronikorik ez. Ez besarkadarik, ezta oilar lepo mozturik ere, ez erlijiorik, ezta moralik ere. Ezta ohiko keinurik ere. Agur esango didaten bakarrak isilik geratuko direnak dira».

Beste aukera bat da, egungo une teknologikoan, musikaz saturatuta gauden honetan, isiltasun behartuarena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.