Blanca Urgell
LARREPETIT

Hondarreraino, Uzuri

2022ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Egunotan Gasteiz hirian eta ni bizi naizen aldirietan, lainoak laino eta hotzak hotz, eguzkiak irten du nik burua paperetik altxa dezakedan orduetan. Eguzkiak hondartza dakarkit gogora, eta hondartzak Axular: «Badu itsasoak bere xedea, bere marra, bere mugarria eta zedarri jakina, zein baita kosta eta kostako sablea, harea eta legarra. Han hautsten da, han baratzen da, han gaitzago eta urguiluago bada ere, ematzen eta sosegatzen da». Ematzeko eta sosegatzeko aukera handirik ez dudanez azterketa garaian, are gutxiago ikasleak azterketa egiten, eta ni zaintzen, ari garen honetan, noraezean hondartzako hondarrera joan naiz, ez hegazkinez, ez trenez, ez autoz, hiztegiz baizik. Lau orduok emateko plan hoberik aurkitu ezetz.

Euskaltzaindiaren hiztegian abiatu naiz hondarraren lorratzen atzetik. Honela ikus ditut hondar azpian sartzen diren berberetxoak eta lantzoiak. Karramarroa ere agertu zait han nonbait, baina ibai hondotik hondarra-eta ateratzeko erabiltzen den tresnaren izena ere badelako. Erreparatu diozue hareharriaren izenari inoiz? Hara!, gure egunotan marratxoz bananduta egon gabe bi h dituzten hitz bakanetakoa, ziur. Ez da nolanahiko harria ere, baizik eta lurrazaleko arroka sedimentario ugarienetan bigarrena.

Hondarraren kolorea gustatzen zait; kolore guztietako hondarra. Alabaina, beixa hondarraren kolorea omen, eta niri ez dit sekula ondo eman: beste edozein nahiago. Beisbolaren antzekoa omen den Softbol jokoaz ere jabetu naiz hondarrari esker, baita Orioko Bate Bizkorrak izeneko talde bat ere badugula, eta Donostian beste bat.

Honen ondotik hondar hitzak baino ez dira faltan. Izan daitezke Ana Urkizaren Desira izoztuak ipuin-liburuko ostatuko pertsonaia koralarenak: «Hobe duzu lehenbailehen Neuburg-etik ihes egitea». Edo Gotzon Garateren Lehortean ipuin-liburukoak: «Uzuri, Uzuri». Nahiago dituzunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.