Jainko onak hala nahita, zerutik jaulki zitzaien Afrika Europako inperio kolonialei. Supremazismoaren teorikoek, itzalik handieneko politikariek eta liberalismo ekonomikoaren teknikoek ondutako logikak horixe behar baitzuen: lurralde zabal bat, aurrera begira, berek ekoitzitako gaien bezeroen harrobi oparoa izango zena, baina aurrez, lehengaiak urririk ez bazen merke emango zizkiena. Hala hustu zuten, hala ari dira husten potentzia handiak Afrika.
Baina ekonomia zirkularraren garaiotan hustutakoa bete egin behar denez, Europak ulertu du zorra duela kitatzeko.
90eko hamarkadan, hondakin nuklearrak eta toxikoak iritsi ziren Somalia ipar-ekialdeko kostaldera. Herrialdea gerran zegoen eta ez zen zaila izan zakarraren truke sosak hartuko zituenik aurkitzea. Ordutik, ia biztanleen erdiek dute minbizia. Halatsu gertatu zen Ginea Bissaun eta Nigerian ere.
Horrek ekarri zuen Basileako Ituna, herrialde batean sortutako zaborra bertan tratatzeko konpromisoa behartzeko. Kontua da, gerora, digitalizazio aro betean, Europako Batasuneko biztanle bakoitzak 18 kilo zabor ekoizten duela urteko. Horietatik %80k ihes egiten diote itunari eta kontrolik gabe dabiltza, ez da zaila asmatzea non.
Hurrengo pausoa hemen da. Zabortegiak edozein gisatako hondakinak jaso baditzake, zergatik ez pertsonak? Logikoa da, eta garai ilunagoetara bagaramatza ere, deportazioa tradizio handiko hitza da inperio kolonialetan.
Boris Johnsonek berriki iragarri du, Albaniarekin eta Pakistanekin saiatu ostean, eta Israelek erakutsitako bidetik, Ruandara bidaliko dituela azkenik Erresuma Batura legez kanpo heldutako migranteak. Ez du, ordea, harako Joseph Chamberlainen azarkeriaz jokatuko: 120 milioi libra emango ditu ordainetan, «Ruandako garapen proiektuak bultzatzeko».
A zer atarialdea geratzen ari zaigun munduari etika eskolak emateko.

LARREPETIT
Hustu eta bete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu