Intuizio bat izan zuen Peter Sloterdijk filosofoak Indiatik itzuli zenean: Europako intelektualek ez ei dute gaitasunik ibiltzeko bizitzaren hasieran —literalki—, ezta proiektuen hastapenetan ere —oro har—*. Alegia, ez da gauza bera zerbait sortzea eta lehenengo urratsak ematen ari denaren aldamenean egotea. Ez da gauza bera bizitzan zehar hazten ari dena eustea eta ibiltzen hasi denaren magalean joatea. Mundua lehenengo aldiz begiestea. Haur baten begiekin bezala. Haur baten lehenengo ostikadak bulkada elektrikoak dira. Eta gero lekualdatzen da. Guztia zin egin zaionari bezala mugitzen da. XX. mendeari XIX.ak begiratu zion bezala. Haurraren begiak eta ez hiru mila urte dituen gizaki zibilizatuaren begiak. Gizaki zaharrak begi nekatuak, sarritan deprimituak, bere baitara bilduak dauzka.
Irudi du, gaur egun, baikorra izan nahi duen mezuak izan behar duela erromantikoa. Prentsa txarra du laudorioak eta okerragoa pozak. Azalekoa izatearekin lotzen du askok, baina poza elementu federatzaile bat da: ospakizuna gonbit bat da. Horregatik sartzen dira estatuek egiten dituzten inkestetan familiarekiko ardurak hain postu gorenetan. Alderdiek lau-bost urtera pentsatzen dute. Familiak hiru belaunaldira pentsatzen du, gutxienez. Familia klasikoa desagertzera bidean doa estatistikoki. Baina familiak ondorengoengan pentsatzea zuen misio, ondorengoak integratzea. Zenbat primario, lehendakari, hauteskunde, koalizio egin eta desegiten diren hiru belaunalditan. Sloterdijkek, bere modernitate zoriontsutik dio, familia —egunotan hainbeste zutabe eta afaritan aipatu den monotema— «askatasunetik jaiotako jarraipenaren utopia bat dela». Eta familiaz hitz egitea, funtsean, hasierari buruz berriz hitz egitea dela. Solstizioa: udaren jaiotza. Jesus: gizakien arteko jainkoaren jaiotza. Jaiotza: filosoak, psikoanalisiak eta kulturak hitzordua duten puntua. Onar dezagun, hain da abstraktua iraultzaren mamua, duela hiru hamarkadatik usteltzen ere hasi zaigula. Espektatibarik ez da, itxaropenik ez da ereingo, ez bagara, berriz, bizitza laudatzen hasten eta, heriotza presente edukita, jaiotzaz hitz egiten hasten**. Zergatik ez egun seinalatuotan, koinatak ere subjektu filosofikoak dira, iraultzaileak.

LARREPETIT
Ibiltzen hastea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu