Bere buruaz beste egin zuenean, Romain Garyk ohar batean aitortu zuen bera zela Émile Ajar idazlea. Sekulako zalaparta sortu zen Frantzian, oihartzuna mundu osora zabalduz. Ez zen nolanahiko aitortza: Romain Gary —behin irabazi daitekeen— Goncourt saria bi aldiz irabazi duen idazle bakarra izango da orduz geroztik.
1974. urtean hasi zen dena, Garyk eleberri bat Shatan Bogat ezizenarekin argitaratu zuenean. Amarruak ez zuen luze iraun. Egia jakin zenean, Garyk adierazi zuen bere burua ezkutatzearen arrazoia, ordura arte idatzitakoez guztiz bestelakoa zen eleberri hark izan zitzakeen salmenta-aukerekin esperimentatzea zela. Baina, aitortu zuen, halaber, bere obrak nolako ibilbidea izango zuen aztertzeko irrika bat ere bazuela, baldin eta bere burua hainbat idazletan sakabanatzea, lausotzea lortzen bazuen; alegia, idazlea obratik bereiztea lortzen bazuen. Idazlea eta obra. Idazlea ala obra. Nola segi idazten idazlea obrari gailendu zaiola sentitzen duzunean? Nola segi, irakurleek zu, eta ez zure lana, aukeratzen dutela uste duzunean?
Urte hartan bertan, Romain Garyk beste eleberri bat argitaratu zuen beste pseudonimo bat erabiliz: Émile Ajar. Lau urtetan, lau lan argitaratu zituen Émile Ajarren ezizenez eta bost lan bere benetako izenez. Hau guztia adarjotze literario bat izan zitekeen, idazle identitateen prestidigitazioa; baldin eta, 1975. urtean Émile Ajar idazlearen bigarren eleberria, La Vie devant soi, bestseller bihurtu izan ez balitz eta Goncourt saria irabazi izan ez balu.
Liburuz eta idazlez betetako standak egunotan Durangon. Zenbaten eskuen dardarak gordeko ote ditu, liburuak sinatu bitartean, Romain Garyren gogoeta antzekoak.