Bizitza luzatzen ei duten 13 jakien zerrenda aurkitu dut sarean. Hainbat ikerketatan oinarritua. Kafea, ardoa eta txokolatea datoz bertan. Ardoa antioxidatzailea da, eta zahartzaroa atzeratzen du. Ona omen da bihotzerako. Kafeak aktibo mantentzen gaitu, eta gantzak erretzen laguntzen du. Txokolate beltza, berriz, antidepresibo naturala dela diote. Alzheimerra, asma eta kolesterola ekiditen dituela. Eta afrodisiakoa dela.
Iaz egin zuten ikerketa baten arabera, pistatxoak ere afrodisiakoak dira. Erekzioan laguntzen dute. A zer kasualitatea ikerketa hori Turkian egin izana. Eta intxaurrek espermaren kalitatea hobetzen dute. Kaliforniako unibertsitateko ikerlariek frogatua.
Larrua jotzeak ere bizitza luzatzen du. Harvard unibertsitateko zientzialarien arabera. Astean gutxienez hirutan sexu harremanak dituztenen bizitza itxaropena hamar urte luza daiteke. Eta ez hori bakarrik: depresioari eta antsietateari aurre egiten laguntzen du. Bestalde, Yaleko zientzialariek diotenez, estresak eta depresioak garuna txikitzen dute.
Beste ikerketa bat. Westminsterreko Unibertsitatea. Beldurrezko filmek argaltzeko balio dute. Stanley Kubricken Distira da beldurgarriena. Batez beste 184 kaloria erretzen baita horrekin. Marrazoa, 161 kaloria. Exorzista, 158. Alien, 152. Zertarako joan gimnasiora, sofatik mugitu gabe argaldu bagaitezke?
Lo gutxi egiteak, berriz, gizentasuna sor dezake. Nutriziorako Institutu frantsesaren ikerketa. Ez zen ba «jan eta lo potolo?». Antza denez ez. Lo gaizki egiten duten pertsonei apetitua areagotzen zaie. Gainera, nekatuta egoten dira eta ez dute ariketa fisikorik egiten.
Lo asko egin, txokolatea eta pistatxoak jan, txorta jo, ardoa edan eta beldurrezko pelikulak ikusi. Horixe ote bizitza osasuntsuaren formula?

Larrepetit
Ikerketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu