Batzuek ez dute ikusi nahi Nafarroako Herriko Etxeetan. Beste batzuentzat onartezina da atariko tapiz moduan saltzea. Edo hondartzako oihal gisa. Uda honetan ikurrinak mindu ditu batzuk eta besteak, eta funtsean, haien minek oinarri bera daukate: ikurrinak sinbolizatzen duena, euskal nazioa. Iruñeko Udaletxe plazan beste edozein bandera onartzen duten bitartean ikurrina bortizki ukatzearekin zabaldu nahi duten mezua da Nafarroa ez dela Euskal Herria. Azken urteetan, ikurrina bihurtu da EAEko bandera instituzionala, eta horretara murriztu nahi dute Espainiako erakundeek, UPNk eta PSNk.
Ipar Euskal Herriko saltegietan, aldiz, oroigarri gisa saltzen dute, gisa orotako euskarrietan. Herriko Etxe andana batean ere ezartzen dute. Horren gibelean ez dago aldarrikapen politikorik; haien xedea ez da turistei eta gainerako erosleei adieraztea Euskal Herria nazio bat dela eta estatu izan behar duela. Haientzat, hala ere, lurralde baten eta nortasun baten ikur bat da. Ikur horri ematen zaion karga, besterik da.
Bandera horren izenean batzuek isuri duten odola aipatuz, ikurrinaren itxurako alfonbran oinak lehortzea «duintasuna» urratzea dela iruditu zaielako, elkarretaratzea egin nahi zuten saltegi baten aitzinean. Beste bandera anitzen izenean ere isuri izan da odola munduan, eta bandera haiek ere erabiltzen dira alfonbra eta hondartzako oihal gisa, eta ez da ezer gertatzen. Joera horiei hitz horiekin erantzunez, nago ez ote den ikurrina sakratuegi egiten, aditzera emanez proiektu abertzalearekin bat egiten dutenek baizik ez dezaketela erabil.
Azken hamarkadetan bidea egin du, anitzek bere egin dute, gisa batera edo bestera. Ez naiz bereziki bandera zalea, baina nahiago dut sobera ikurrin ikusi saltegietan, Nafarroan bakar bat ere ez ikusi baino.

Larrepetit
Ikurrina, nondik ikusten den
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu