Goizalde Landabaso

Independente eta autonomoa

2024ko martxoaren 5a
05:00
Entzun

Martxoaren zortzigarrenaren karira Emakunderen iragarki bat dabil han-hemenka. Ziurrenen, zuk ere ikusia/entzuna duzu. Ahots asko agertzen dira, emakumezkoenak, aurreko belaunaldiek egindako soka-lana goraipatzeko ahalduntze ariketan. Azken beltzean, izan zirelako, gara. Lagun artean, ez dakit zergatik, maiz eta asko aipatu izan dugu iragarki hau. Niri neuri gauza batek egiten dit kri-kri entzuten dudanero. Emakumezko ahotsak esaten du bere amak beti esan izan diola ekonomikoki autonomo izan behar duela. Autonomo. Kri eta kri.

Nik akorduan dudanetik amak beti esan izan dit ekonomikoki independente izan behar dudala. Independente, ez, berriz, autonomo. Mantra batzuk tatuatu egiten zaizkigu azal azpian, ez dira ikusten, baina hortxe daude. Inguruko emakumezkoen artean galdetu dut, eta leloa ume zirenetik entzun izan dutenek gauza bera esan didate: independente. Badira, baina, entzun ez dutenak eta alderik igartzen ez dutenak. Eta ez dakit asmorik egon ote den autonomo berba lehenesteko, independente hitzak, agian, beste eszenatoki batzuetara eraman gaitzakeen beldur-edo. Niretzat, ordea, independente eta autonomoren artean bada alderik, txikia, baina aldea. Penintsula edota uharte izatearen arteko aldea lez. Gure amaren belaunaldia, eta are gehiago gure edozein amamarena, gauza gehiegiren gatibu izan dira. Uste dut gure amak hainbestetan esandako esaldi horretan, besteak beste, eskuzabaltasuna dagoela. Izan ez zuten hori guk izan genezan ate zirrikitu bat eman ziguten, zabal genezan. Horregatik, autonomo eta independenteren arteko txikikeria hori, entzuten dudan bakoitzean, etengabean hedatzen ari den troka bat bihurtzen zait. Baina neure kontuak izango dira ziurrenen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.