Larrepetit

Iraganbideak

2011ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Berlin-Munich lotzen duen Intercity-ko bagoian swahiliz barra-barra dabilen taldetxoa doa eserita. Haien jardun bizkorra heltzen zaio emakume gazteari. Semea besoetan hartu eta korridorea gurutzatu duenean, zutik dagoen andre beltzaranak masaila ferekatu dio umeari maitekiro. Ilea milaka txirikordatan batuta darama. Zein polita! Zure Semea da? Txikiaren aitzakian hasi dira ingelesez berbetan Tanzaniarra eta euskalduna. Elizaren harremanen bitartez antolatutako bidaiaren gorabeherak kontatzen dizkionbitartean, esku beltzak agerian dagoen sorbalda zuria laztantzen du goxotasunez, naturaltasunez. Alemanian ez da izaten kontaktu fisikorik ezezagunen artean, baina euskaldunak etxekoa sentitzen du keinua. Akaso beste batean Tanzanian elkar ikustekotan geratu dira.

Tren bidaia Stuttgarten bukatu da, hango ospitalean senitarteko bat bisitatzeko. Gaixoak binaka daude geletan, eta elkarrizketak automatikoki hasten dira. Gaixotasunaren kronikarekin batera, bizitza istorioak kontatzen dira ohetik ohera. Hala, ezohiko solaskide bihurtzen dira ingeniari erretiratua eta munduan zehar bidaiatu, Italian hasitako ikasketak Nepalen bukatu, Australian maitemindu, Alaskan ezkondu eta Stuttgarten energia eolikoarekin lotutako ikerketak egiten dituen amerikarra.

Edo hiriburutik familia bisitatzera Stuttgartera etorri den aktoresa eta bost seme-alabaren aita den taxi-gidari kurdua.

Bizitza ez da tren bat. Etazorionez, erietxea ere ez. Baina esango nuke bidaian edotagaixorik gaudenean, gure eguneroko kosmosetik kanpoko pertsonekin elkarrizketan hastera emanagoak garela. Bizitza esnatu egiten da halako momentuetan. Ezagunetik, errutinatik, automatikotik, finean gure mundutxotik irtetera gonbidatzen gaituen solasak txinpartak sortzen ditu. Trenak eta erietxeak bezalako lekuak bizitzaren iraganbide kuttunak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.