Irakurketa sustatzeko kanpaina handi bat egiten ari dira Londresen; hamaika idazlek hitzaldiak eman dituzte liburutegi eta kultura zentroetan. Beraien esperientziak kontatzen dituzte, eta bi profil ezberdin daude gehienetan: txikitatik liburu artean ibili dena eta irakurtzeko benetako pasioa duena; eta bigarrena guztiz kontrakoa, ez duena libururik irakurtzeko ez ohitura ez aukerarik izan —askotan azken hori drama ukitu batekin puztua oraingo ikuspegitik— eta helduago izan arte irakurtzen hasi ez dena.
Kanpainaren iniziatibetako bat dirua bildu eta eskoletara joango diren boluntarioak aurkitzea da. Boluntario horiek astean hiru ordu eskolan pasatuko dituzte, eta haurrekin egindako banakako saioetan liburuak irakurrikodizkiete; irakurketaren perspektiba ezberdina emango zaie, haurrei interesa eta motibazioa pizteko.
Hainbat pertsona ezagunek diru laguntzak eman dituzte iniziatibak aurrera jarrai dezan. Tony Blairrek, adibidez, ekarpen esanguratsua egin omen du. Gogoratzen dut Blairren gobernuaren ekimen kulturaletako bat eskoletako liburutegietara autore klasikoen liburuak eramatea izan zela. Nonbait irakurri dut liburu asko apaletan gelditu zirela inoiz inork ukitu gabe. Orain, urte batzuk beranduago dator, beraz, hautsa kenduko dien falta zen pieza.
Kanpainaren ondotik egin den analisi baten emaitzek diotenez, bostehun liburutik gora dituen etxe batean hezitako haurrak libururik gabeko etxe batean jaiotakoak baino hiru urte gehiago ematen ditu ikasten.
Irakurtzeko zaletasunari buruzko artikulu gehienetan, haurrak dira arazoaren zentroa. Zenbat liburu irakurri dituzten galdetzen diete haurrei, eta, orduan, alarma pizten da, gurasoak kezkagarria dela pentsatzen hasten dira. Baina inoiz ez diete galdetzen gurasoei beraiek irakurtzeko ohiturarik baduten. Eta, finean, erantzuna ezezkoa bada, alferrik da etxeetan bostehun liburu sartzea...
Larrepetit
Irakurri, irakurri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu