Irasagarren edertasunak eguzki izpien ginoan mudatu, pantailatik atera, eta zinema aretoa hartu zuen. Eta une batez sinetsi genuen ez genuela besterik behar bizitzari aurre egiteko pintorearen atelierreko patioko arbola hura baino. Ezer ez, eta dena. Zuzendaria, Victor Erize, Karrantzakoa. Han ere astiro doa denbora bertan bizi ez izatera, nioen neure artean. Margolaria, Antonio Lopez, Gaztelako Tomellosokoa: aihen, mahats eta ardo. Eta denbora, bizitzaren xukapaper hori, lehortzen esegita jarritako zapi bat bezain geldirik, baretasuna eskaintzen gure bihotz-begi presatuegi haiei.
Ez nuen ordura arte Lopezen lana ezagutzen. Erizeren filmaren ondoren, Lopezen koadroak baino ez nituen ikusten nahinon. Galdua zuten ordurako japoniartasun guztia, irasagarrak desagertu eta Madrilgo eraikinek hartu zituzten mihiseak. Etxe, teilatu, etorbide hutsak. Madrildarrik gabeko Madril. Hiperrealismoak duen gezur hori, plus dekoratibo eta guzti, ezin egokiagoa administrazio kontseiluetako aretoak apaintzeko.
Entregatu du Lopezek orain hogei urte enkargatu zioten koadroa. Espainiako Errege Familia, orduan ateratako fotoan bezain xehe. Eta unearen ehizan jenderik gabeko inguruak saldu dituenak ingururik behar ez duten pertsona bakarrak erakutsi ditu bertan. Eta orduan zerbait gertatu da. Argia ez dago geldirik. Denbora ez da zapi esegi bat, bere lana egin du. Ez dago errealitatea muturrera eramanda errealitatea bera baino errealagoa den adierazpenik Lopezen koadroan. Eta hain zuzen mihise erraldoian agertzen ez den horrek guztiak usteldu ditu figurak. Usteldu du unea, usteldu du Erizek film zoragarri hartan hiperrealismoari egin ziezaiokeen defentsa, eta usteldu du gure bihotz-begi presatuei irasagarren edertasuna eskaini zion artista, denbora bezain zaharra den joputzak patetismora kondenatua.

LARREPETIT
Irasagar ustelak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu