Larrepetit

Iruditzen zait

Garazi Goia.
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Batzuetan iruditzen zait ez dituzula besteen gauza onak miresten; gauza tristeak, ezbeharrak edo antzekoak gertatzen zaizkionean, badakit hor egongo zarela laguntzeko; albiste txarren bat entzuten duzunean, badakit lehenengoa izango zarela telefonoa hartu eta zure laguntza eskaintzen. Lehenengoa kotxea hartu eta joan behar den lekura joaten.

Baina, ezin zarete hurrengo zorigaitza gertatu arte zain egon; negar malkoak eragingo dituen baina oraindik gertatu ez den zorigaitz hori, bion arteko distantzia berriro ere gerturatuko duen iman bat izango balitz bezala. Batzuetan iruditzen zait «sentitzen dut» esatea hain azkar ateratzen bazaizu, zergatik ez diozun irribarre bat bidaltzen, zorionak idazten eskutitzean eta poza berarekin partekatzen. Badakit-eta barruan galdera hori darabilkizula, onartu nahi ez baduzu ere eta inoiz esango ez badiozu ere.

Batzuetan iruditzen zait bion arteko distantzia handitzen doala.

Ez garela horrelakoak, gure kulturan ez dela erraza egiten gauza batzuez hitz egitea eta ez garela optimistak esan dute eta buruarekin baiezkoaren keinua egin duzu. Ez egotzi errua kultura eta tradizioari. Norberaren kontua da. Ikuspegi kontua. Botila erdi betea edo botila erdi hutsa. Oraindik hutsa dagoela iruditzen bazaizu, bete ezazu pixka bat gehiago, zure esku dago.

Batzuetan iruditzen zait pozik bizitzen ikasi behar duzula, zure ondokoaren bizitzari begiratu gabe, amestu duzun hori lortu duzula erakutsi gabe —biok dakizuelako ez dela horrela— eta zure zorionaz kezkatu beharko zinatekeela. Bera ere hori egiten saiatzen delako. Ez ezazu atsekaberik sentitu bestearen bizitza kaskarrarengatik, baina ez ezazu inbidiarik sentitu bestearen arrakastengatik.

Distantzia onean eta txarrean berdina izan behar da. Eta, batzuetan iruditzen zait, berandutzen ari zaizula distantzia horibere horretara bihurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.