Blanca Urgell
LARREPETIT

Isatsa faltan

2023ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Sekretu bat kontatuko dizuet: zutabeak idazterakoan ez gutxitan Wikipedian begiratzen ditut dudak. Duda batetik bestera, gairik gai, estekaz esteka, konturatu orduko hegazkinez baino bidaia luzeagoak egina nago honela.

Zutabearen izena Wikipedian zeharkako ibilaldi horietako baten emaitza da, Abbas Ibn Firnas (810-887) al-andalustar jakitunaren berri bila ibili izanaren ondorio, zientziaren historia kristauzentrikoa hausten duten izen horietako bat baita, izan ere. Ornitoptero batean hegan egiten saiatu zen Firnas, hau da, hegaztien antzeko tramankulu batean. Egungo Testuen Corpusean (ETC) hitzak zortzi agerraldi ditu eta, zortziak Wikipediakoak direnez, uste dut merezi dutela ornitopterogileek handik at ere agertzea.

Bide batez aerodino ere ikasi dut. Hau ez dago oraindik ezta ETC-n ere, baina bai erruz aerostato haren kontrarioa, zeppelin eta bestelako globoei esker ondo ezaguna. Firnasena aerodino bat zen edo, hobeto esanda, aerodinogai bat, zeren eta, izan, bazen airea baino pisuagoa, definizioan sartzeko behar bezala, baina bigarren baldintza hamarren bat segundoz bakarrik bete omen zuen, hots, berez airean eustea. Jende askok ikusi omen zuen, mirariturik. Gaitz erdi, Firnasausartak hankak baino ez zituen hautsi balentria hartan. Isatsa faltan zuela ohartu zen.

Zoragarria litzateke aerodino lumatsu batean hegan egitea, ametsetan bederen, haize kontra kulunkan, Muxu dragoiaren jira eta birak antzeratzen. Alta, berez airean eusteko isatsaren faltan dago Sumar, eta batzuek —zein besteek— EH Bilduri ez diote ez gobernatzen, ezta gobernagarritasunean parte hartzen ere utzi nahi. Hau, bere aldetik, Sumarren burua uretan behera zapaltzen dabil, adiskide antzean, ERC bezala. Hauteskundeak dira, ergel halakoa. Eskuinaren diskurtsoan lokaztuta ez egotekotan, elkarri mokoka. Uztailaren 23an lurreratzean hankak bakarrik hautsiko bagenitu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.