Hedoi Etxarte

Isil-isilik dago

2025eko uztailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ausarkeria bada ere hasi berri den epaiketa baten inguruan hipotesiak egitea, nahiko argi dirudi PSNko Santos Cerdán nafarra buru duen ustelkeria kasuaren aurrean oso jarrera desberdina izaten ari direla bai hedabideak eta bai parlamentuetako ezkerrak.

Ikusleak hedabideak irakurrita, logikoena da pentsatzea Koldo kasuan ari diren bi politikarien eta bizkartzainaren helburu nagusi eta bakarra diru publikoa lapurtzea zela. Ordea, eta gezurra badirudi ere, Koldo Garcíak, Jose Luis Abalosek eta Santos Cerdánek dirutxo bat eskuratzen zuten, berez, beste enpresa batzuk aberasteko. Enpresa horiek ez dira edonolakoak, noski, eta tartean dago Acciona. Iruñerrian, Irunberrin eta Erriberan aski ezaguna da zenbat lagunek egiten duten lan enpresa horrentzat. Funtsean, EHNren oinordekoa izan da, azken bi hamarkadetan Nafarroa Garai osoko mendiak haize-errotaz bete duen enpresa. Egindako sarraskien gainean apenas egiten den ikerketarik, azalekoa ez bada, eta, funtsean, interes pribatuentzat pribatizatu eta suntsitu dira dozenaka muino eta zerra osorik. Iruñerritik hegoaldera ia ezinezkoa da gailurretara begiratu eta baten batean errotak ez ikustea. Gauza jakina da, nork ez du inguruan ingeniariren bat Iruñeko unibertsitate politeknikotik pasatu dena, eolikoen atzean dagoena ez dela ekologiaren aldeko inolako pauso bat. Etekina eraikitzea dela: errotak eta parkeak, parkeak eraikitzeko errepideak eta ubideak. Eredu bat da dirua egiten duena dirua mugituz. Eta zentzu horretan, ekologia serio (eta, beraz, kapitalismoaren aurka) hartu duten lau zororen salbuespenarekin (gogoratuko dute zaharrenek mendi martxak nola egiten ziren 2000ko urteen hasieran Erreniagara, saiek hezurrekin errotak suntsitzeko itxaropenarekin), hara nola eta zertarako sarraskitu dugun ondarea.

Santos Cerdánen xoxen kea joango da, gure mendiak mutilatuta geratuko dira, eszenatoki postapokaliptiko batean, birziklatzea ezinezko duten erroten hilerrietan, baina ezkerra isil-isilik egongo da. Lobbyek txukun funtzionatzen dute eta ez da Petronor egongelako piztia bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.