Eta haserretu ziren hitzak. Egoera jasangaitza zitzaien. Gero eta presio handiagoa sentitzen zuten, gero eta behatuagoak ziren, gero eta.
Nazioarteko Zuzentasun Funtsak (NZFk) eta Munduko Begiraleen Bankuak (MBBk) orrialde ezkutuenetan ere jarrita zituzten begiak, idatzi pertsonalenetan ere arauak.Begiak eta begiak, arauak eta arauak. Ahoa sormen demokraziaz betetzen zitzaienek, betetzen zituzten bazterrak baldintzaz, debekuz, aginduz. Azken hauteskundeetan, Ortografia jauna aukeratu zuten NZFko buru, Gramatikaltasun anderea MBBkoa.
Presio estetikoak itota zituen hitzak. Esateko beldurrez, paperean azaltzeko ikaraz. Esaten zutenarengatik edo iradoki nahi zutenarengatik baino, zuten itxurarengatik juzkatzen zituen munduak. Hitzek hitzei errezeloz begiratzera iritsi ziren punturaino.
Egoeraren larritasunaren adibide, Ortografia jaunak eta Gramatikaltasun andereak zerrendaturik eman zizkieten hitzei janzki derrigorrak. Negurako parentesiak buru gainean, udazkenerako harridura markak bizkarrean zintzilik, udaran komak parrandetarako... Eta hortik ateratzen zenak gaitzespen infinitu bat ordain.
Hitzak gaixotzen hasi ziren: otordu osteetan hizkiak komunetik behera boteaz batzuk (eguzkia bihurtu zen eki, mundua ludi), neurrigabe jaten besteak (bortxa bihurtu zen indarkeria, azkar arineketan).
Desobedientziara jo zutenen artean: asi, hekin, bolondres, kozkortu...
Herri batzarrek ekarri zuten bilkura nazional bat, eta bilkurak manifestazio deialdia. Hitzek nahi zuten libre bizi, libre sortu. Eskatzen zizkioten munduari betaurreko berriak, euren azala baino mamia ikus zezaketenak. Eskatzen zizkioten arau berriak, lagunduko zuketenak ebaluatzen baino gozatzen.
Pankartari eusten zortzi hitz, hamasei hizki: Libre nai dugu bizi!!

LARREPETIT
Itzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu