San Lorentzoren malkoak senyera gainera jausita. Hala ageri dira edozein balkoi, tontor, kale artetan ez ezik uda giroko elastiko, toalla, txankletetan ere bai. 1914an Juan Bautista Bilbao Batxi Ingalaterran liluratu zuen giro aberkoia da begiak ikusten duena Kataluniako herri askotan. Ez hain itun. Eguzkitsuago hagitzez. Mediterraneoa da.
Eta hala, urdinak nabarmen gehiago gorriak baino, esteladak nagusitzen zaizkie izarrik gabeko senyera ofizialei nonahi, esan gabe esaten gu bagoaz, adios amigos, goodbay my friends; eta garbi aldarrika tarteka, iazko Diadatik harturik leloa: «Catalunya, nou estat d'Europa».
Orain dute unea. Manumitzera deliberatuta, europarrak Jessica Lange baino estuago hartzen ari den King Kongen erpearen beroa oihuztatzen du orain harako izarrak, Albert Ballesterrek Kuba eta Puerto Rico libreetatik ekarritakoaren sabelkideak.
Izar bakoitzarekin katalanen ilusioa ez ezik euskal herritar askorena ere kudeatzen ari den honetan, zimikoa ez dabil aparte, ordea. Esloganean dago makurra. Greziako jubilatu suizidek, Portugaleko antzokietan Grândola Vila Morena-ri ekiten dioten gangarrek, edonon esklabo bihurtutako langileek independentziaren amestoki hori berori salatzen baitute, ilusioa iruntzietara.
Ez hain aspaldi «merkatarien Europa» deitzen genion. Ez genuen nahi Espainia, eta gu berarekin, klub neoliberal horretan sartzerik. Eta Europa ginen. Ez dakit sinesten genuen, baina pentsatu nahi genuen bazela beste erarik munduan bizitzeko. Gero, kaiola berrian preso, hortik kanpora zer hotza besterik, ikasi dugu badituela moduak Espainia zaharmindu, majadero, motzaren gainetik pasatzeko.
San Lorentzoren malkoak, Perseidak, hautsa dira. Ez dira izar ere, hauek desegitean uzten dituzten lilurazko bristada uxoak baizik. Companysen arima penitenteak salba nazala etsitik. Galdutako etorkizunetara goaz.

Larrepetit
Izarren hautsa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu