Hedoi Etxarte

Jardunaldi errena

2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

Pesimismoak eta estrategia faltak, sarritan, irudi hori ekartzen dit gogora: arantzak dauzkagu ahurrean baina non ote dago lorea. Sentsazio horrekin bukatu da jardunaldi jarraituaren ala zatituaren arteko bozketa, erdiko klase izan nahi duen jendearen azken autopotreta. Dialogorik gabeko hitz trukea izan da ordutegi eredu bat eta beste bat nahi zutenen artekoa, salbuespenen batekin (esaterako, gure ikastetxe publikoan ñabardura handiko txostena landu dute gaiaren inguruan dauden ikerketa gutxien sintesiarekin).

Proiektu askatzailerik atzean ez dagoenean, eztabaida gehienak tautologikoak dira eta, beraz, askapenak beti galtzen du. Jolas-parkeetan eta sare sozialetan eztabaida fratrizidetan aritu garen bitartean, Nafarroa Garaian hezkuntzak dauzkan hil ala biziko eztabaidez ez gara aritu. Eskola segregazio sozialaz, irakaskuntza metodoez, pantailez, Nafarroa euskaldundu duen tresnaren eraginkortasun mugatuaz eta jasaten ari den beheraldiaz, sakelakoaren erabileraz eta, bereziki, hain boladaz kanpo dauden edukiez, etxean segurtatua ez dutenek eskolan jasoko duten maila intelektualaz.

Niri, eskolari buruz planteatzen diren eztabaida asko bezala, beste zerbaiti lotua ez badago, bost axola zait eskolan egongo den jardunaldi eredua. Are gehiago, ez zait axola ez irakasleek ez gurasoek nahi dutena, are gutxiago irakasleak sindikalismo horian eta gurasoak kontsumitzaile paperean badaude: hezkuntza guztion kezka izan beharko litzateke. Bestela esateko: sor dezakezu eskola bat haurrek uniformea eramanda eredu autoritario zapaltzaile batekin, eta sor dezakezu eskola bat haurrek uniformea eramanda kalitate handikoa eta bokazio askatzaile batekin. Modu berean, sor dezakezu eskola bat D eta A ereduak elkarrekin egongo direnak zoragarri eta euskara zabaltzeko balioko duena eta kontrakoa. Kapitalismoko erabaki partzialak ia beti dira galtzaile.

Gutxien ulertu dudana, halere, izan da Hezkuntza Departamentuarekiko zurrumurrurik latzenak sortu dituen halako prozesu bat martxan jartzea departamentu horrexetatik bertatik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.