Manex Agirre.
LARREPETIT

Jendea, edo jende hori

2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elearazi webgune defuntuko kideek orain denbora luze samar bat argitaratutako liburu ederretan ari naizela ikusmiran, bere garaian eskapatutako artikulu batek eman dit atentzioa. Nola idatzi Afrikari buruz du izenburua, eta Binyavanga Wainaina kenyarrarena da. Jatorrizkoa, sona handiz, Granta aldizkari britainiarrean argitaratu zuen, eta gomendio ironiatsu kontzesiorik gabekoen sorta eder bat da, Afrikaz idatzi behar duenari zuzenduak denak. Eta, ederrenetakoa, hizkuntzak oparitzen dizkigun jukutrietako batekin lotua. Diotso Afrikaz aritu behar duenari: «Kontuan hartu jende-k beltzak ez diren afrikarrak esan nahi duela, eta jendea-k, ordea, beltzak diren afrikarrak» (People versus the people, jatorrizkoan).

Hitzak, jada, ez dira gureak, eta ezta hizkuntzarenak berarenak ere: botereak irensten ditu. A ze meritua duten hizkuntzaren autonomia osoan sinesten dutenek. Hizkuntza, lan tresna bakarrik ez, arma ere bada. Lehenengo gauzak pentsatzen ditugu, eta gero esan. Ala esan egiten ditugu, eta gero pentsatu? Hitzei itsasten dizkiegun marken arabera (jendea, zera mugatu hori) antolatzen badugu pentsamendua?

Erotzeko bide azkar bat nahi baduzu, saia zaitez egunean zehar jasotzen duzun informazioak isilka dakartzan markak detektatzen. Demokrazia, ekonomia, ongizatea, bakea. Edo, zergatik ez, zehatzago: soldata, pintxopotea, barkatu, ezkondu.

Aurreko batean, irratian, «futbola» beharrean, «gizonezkoen futbola» esan zuten. Elkarri begiratu genion irratia entzuten ari ginenok, etxean. Ordura arte, batetik, «futbola» entzuten genuen, eta, bestetik, «emakumeen futbola», eta kitto, arazorik ez. Ikusiko duzue, batetik, «euskarazko kulturgintza» eta, beste batetik, «kulturgintza»esan beharrean, «gaztelaniazko kulturgintza» esaten hasten direnean kazetariak. Orduan bai festa. Orduan bai pozik jendea. Hau da, jende guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.