Duela urte batzuk Verso Books argitaletxe mitikoak Iraultzak deitutako bilduma bat abiatu zuen. Bertan argitara eman zituen Bolívaren, Wollstonecraften, Ho Chi Minhen, Robespierren, Maoren, Trotskyren eta beste zenbait iraultzaileren testuak egungo saiogile esanguratsuen hitzaurreekin. Bilduma horretan argitaratu zituen ere Jesukristoren ebanjelioak Terry Eagletonen sarrera batekin.
Eagletonek orrialde gutxitan azaltzen digu nor izan zen Jesus. Zer pentsatzen zuen garaian indarrean zeuden ideiekiko. Nortzuk ziren zeloteak —garaian, Jesus bizi izan zen tokietan egon zen fakzio politiko nazionalista bat, erlijiosoki nahiko fundamentalista, Erromaren okupazioaren kontra zegoena—. Zein harreman izan zituen Jesusek zeloteekin. Zer gertatu zen Tenpluko merkatariekin. Zer esan nahi zuen Jesusek «Jainkoaren semea» zela esaten zuenean. Ia hitz egiteko modu bat zen —funtsean Israelgo herri guztia zelako Jainkoaren semea—. Edo Jesusek berak errege izan nahi zuen ala ez, Kaifasen akusazioan bezala. Bere burua errege izendatu bazuen blasfemia bat zen juduentzat. Eta sedizioa erromatarrentzat. Eagletonek esplikatzen du Ebanjelioetan Pilatok liberal bat dirudiela. Baina badirela nahikoa dokumentu historiko bere aurka jakiteko basati bat izan zela, krudela, epaiketarik gabe exekutatzen zuela jendea, eroskeria egotzi ziotela. Eta azkenerako, ohorerik gabe kargugabetu zutela. Jesus «ez zen erresistentzia antiinperialistaren parte izan», besteak beste zergak ordaintzen zituelako.
Egunotan, 2017aren bezperako eguberriotan, maitasunaz eta iraultzaz pentsatzeko parada eder bat da Jesusen bizitzaz irakurtzea. Zeren, Eagletonek idatzi bezala, «Jesus [...] ez zen inolako zentzutan Lenin edo Troskik onartuko luketen iraultzailea izan». Gutxiago izan zen ez zuelako bilatu aurrean zuen botere egitura suntsitzea. Baina, aldi berean, iraultzaileagoa izan zen «justizia, bake, anaitasun eta izpirituaren joritasun perfektuago bat» helduko zela espero zuelako, Leninek edo Troskik sekula esperoko ez zutena.

LARREPETIT
Jesusen irakaspenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu