Ikusi egin beharko da, baina erregular, amaitu zaio otsoari batetik bestera firin faran nahierara ibiltze hori. Txekiatik Frantziara eta Italiatik Alemaniara, neurriz kanpo handitu omen da abereen kontrako erasoen kopurua azkenaldian, horregatik premiatu ditu Europako Batzordeak lurralde erakundeak eta zientzialariak esku artean duten informazioa bildu eta batzordera albait arinen bidaltzera. Hala ondorioztatuz gero, otsoen gaineko babesa murriztea ikusten da.
Ez da txantxetako kontua, gaztigatu du Monica von der Leyen Batzordeko presidenteak, otsoa «arrisku bihurtu da kabalentzat ez ezik pertsonentzat ere».
Kontrakoek zein aldekoek, gertaera berarekin lotu dute agindua: iazko irailean GW950m otsoak (alazankoa!) Von der Leyenen Dolly ponia (izenetik hasita aldea, aldamenera deitzeko ere!) hil eta jan zuen hark Saxoni Beherean duen etxaldean. Agiria ere atera zuen orduan: «Familia guztia lur jota dago zeharo».
Puntu honetara iritsita, bi bide hartzen ditu gaiak. Bata, teknikoena eta zailena, otsoarena berarena, nola bateratu animalia bera babestea eta mendietako abeltzaintza Europa zibilizatu eta bezatu honetan. Eta bestea, kezkagarriena, Von der Leyen zikintzen duena bete-betean. Izan ere, kasuak erakusten badu ere nola kanpokoa kontu urruna izan ohi den etxean aplikatu arte, ezin ahaztu larriena. Alegia, geuk jakin gabe, nola hartzen eta bultzatzen den goi politikan mila eta bat erabaki elite baten interesei ez ezik, sentimendurik intimoenei ere erantzuna emateko.
Esatea zukeen: «Hemen, kabalen eta pertsonen benetako hiltzailea automobila da». Baina jakina, hortik jotzera, bestelakoak zituzkeen arerioak Von de Leyen andereak. Eta zer demontre, guk ez genuen Dolly ezagutzen.

LARREPETIT
Kabalez eta pertsonez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu